Saneamendu sareko lanak tarteko, zirkulazioa itxiko dute Gabiriako kaskoan hiru egunerako
Plaza parean, euri-uren eta ur zikinen sareak bereiziko dituzte. 08:00etatik 18:00etara ezingo da ibilgailuekin handik pasatu, eta Frontoiazpi kaletik desbideratuko dute zirkulazioa.
Gabiriako Udalak saneamendu sarean lan batzuk egingo ditu. Ostatu aurretik plazarako sarreraren parean, euri-uren eta ur zikinen hodiak bereiziko ditu, batera baitaude orain arte. Errepidea ebaki beharko dute horretarako langileek, eta zirkulazioari eragingo dio. Lanek hiru egun iraungo dutela kalkulatu du udalak.
Goizeko 08:00etatik arratsaldeko 18:00etara, zirkulazioa itxita egongo da kaskoko bide nagusian. Ordezko, Frontoiazpi kaletik jarriko dute pasabidea. Alkaingo aldapa norantza bakarrekoa denez berez, semaforoarekin erregulatuko dute pasabidea. Langileak lanean ari ez diren garaian (18:00etatik 08:00etara), txapa batekin zuloa estali, eta zirkulazioa irekiko dute.