Taldearen "izaera feminista" aldarrikatu du Gipuzkoako EGI-k Beasainen
EAJko gazteek "garapen sozialean eta ekonomikoaren erdigunean" kokatu du berdintasuna, larunbatean Beasainen onartutako adierazpenean.
Gipuzkoako EGIk “garapen sozialean eta ekonomikoaren erdigunean” kokatu zuen berdintasuna, larunbatean Beasainen onartu zuen ‘Genero-berdintasuna, etorkizuneko giltza’ adierazpenean. Izan ere, EAJko gazteen ustez, emakumeen eta gizonen arteko “berdintasun erreal eta eraginkorra lortzea da gizarteak duen erronkarik handienetako bat”. Horrela azaldu zuten, iazko maiatzetik abendura bitartean izan dituzten formazio saioen amaierako Beasaingo ekitaldian.
Era horretan, taldearen “izaera feminista” aldarrikatu nahi izan zuten manifestuaren bidez, eta Gipuzkoako EGIko Leire Mirandaren esanetan, “gazteen konpromiso pertsonalean” jarri dute indarra: “Genero-ikuspegia bizitzaren alor guztietan aplikatu behar da berdintasunak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko”. Honela, berdintasuna “giza garapen iraunkorraren bidean apustu estrategikoa” da EGIrentzat, hain zuzen, “berdintasunaren aldeko apustua gizarte ongizatearen aldeko apustua” delako, bai sozialki eta baita ekonomikoki ere. Era berean, “feminismoa humanismoarekin eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekin lotuz, gure gizartean errotuta dagoen eredu patriarkal eta matxistaren aurka” egiteko konpromisoa berretsi dute.
Beasaingo Jose Miguel Barandiaran plazan egin zuten manifestuaren irakurketarekin batera, azken solasaldi bat ere izan zuten Igartzako jauregian, unibertsitate, enpresa, kirol eta kultura munduko emakumeekin: Izaskun Landaida (Emakunde), Nekane Arzallus (Gipuzkoa Basket Club), Idoia Fernandez (UPV/EHU) eta Maite Garmendia (enpresaria) izan ziren azken solasaldiaren parte-hartzaileak.