Usabiaga ahizpak bikain Hong-Kongo Munduko Kopan
Tokioko Olinpiar Jokoetara sailkatze bidean puntuak pilatzen jarraitzen dute
Ana eta Irene Usabiaga ahizpa txirrindulari ordiziarrek bikain aritu dira Hong-Kong-en jokatu den Munduko Kopako azken proban. Irenek zazpigarren bukatu du Omnium proban –Espainiako selekzioarekin parte hartu du–, eta Tokioko 2020ko Olinpiar Jokoetarako baliagarriak izan daitezkeen puntuak eskuratu ditu. Anak, berriz, laugarren postua eskuratu du Scratch proban, Munduko Txapelketara sailkatze bidean. Ahizpetan zaharrena Eustrak-Euskadi taldearen maillotarekin lehiatu da.
Orain pare bat aste Cambridgen (Zeelanda Berria) lortutako zortzigarren postua ontzat emana zuen Irene Usabiagak, Hong-Kongen lortutako zazpigarrenarekin zoratzen dago ordiziarra. “Oso gustura nago, ez nuen espero. Zeelanda Berrian ondo egokitu nintzen, baina hemen gehiago kostatu zait. Entrenamenduetan ez ditut nahi bezala sentsazioak izan, baina lasterketetan bai. Nituen aukerak ondo baliatu ditudala uste dut”.
Scratchean bederatzigarren eginez eta Tempo Race-an hamargarren sailkatuz ekin zion lehiari Irene Usabiagak, eta gogokoen duen proban, Kanporatzean, lortu du emaitzarik onena: zazpigarren. Erorikoa ere izan du probari kutunenean, matrail-hezurrean kolpe gogorra hartuz. Scratcheko finala ezin izan du bukatu, baina ordura arte egindako lanari esker zazpigarren postuari eutsi ahal izan dio.
Eta azken proba horretan lortu du Ana Usabiagak laugarren postua, Martina Fidanza italiarraren, Alex Martin-Wallace australiarraren eta Jolien D’Hoore belgiarraren atzetik. Orain aste batzuk adierazi zuen Ana Usabiagak Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko bidea Irene ahizpak zortzigarren postuak lortzen jarraitzea zela.