Elkar ezagutuz eta ulertuz, berdintasunaren bidean urratsak egitea helburu
Gizon eta emakumeen arteko berdintasun topaketak egingo dituzte Beasainen. Bihar hasi eta uztailera bitartean, hilean behin, asteazkenetan, bi orduko saioak egingo dituzte udaletxean
Genero ikuspegia eta gizon-emakumeen «osatze» prozesuak bideratzen eta elkartzen laguntzeko, gizon-emakumeen arteko berdintasun topaketak egingo dituzte Beasainen, bihar hasi eta uztailaren 3ra bitartean. Elen Kortaxarenak eta Jokin Beristainek bideratuko dituzte hilean behingo saioak; asteazkenetan izango dira, 18:00etatik 20:00-etara, udaletxeko batzar aretoan. Parte hartu nahi dutenek berdintasun@beasain.eus posta elektronikoaren bidez jarri daitezke harremanetan udaletxeko Berdintasun Sailarekin.
Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna elkar ezagutzatik eta elkar ulertzetik etorriko dela sinetsita daude topaketaren bideratzaileak. Euren esanetan, pertsona bakoitza jaio den kulturara, eta jaio den familia sistemara egokitzen da. Egokitzapen fase horretan pertsonaren izaera edo nortasuna sortu ohi da. Horrez gain, kulturak berak rol jakinak ezartzen ditu. «Gizon eta emakumeoi bizitzaren inguruko ipuin desberdina kontatu digutela dirudi gehienetan». Ondorioz, «orain arte, gizon eta emakumeon ibilbideetan bizi izan dugunak elkarrengandik banatzera eta gure arteko zubia handitzera eraman gaitu. Elkar ez ikusi eta ez ulertzeraino batzuetan».
Ildo horretan, gizonak eta emakumeak elkarri begira jarri nahi dituzte, «elkar ikustea eta ulertzea» errazagoa izango baita, «elkarren ondoan aukera berriak eta osasuntsuagok eraikitzen jarraitu» ahal izateko. Azken batean, «kontatu ziguten ipuina birsortu dezakegu, eta guretzat askoz osasuntsuagoak eta goza- garriagoak izango diren pertsonaiak eraiki; alegia, eskubide berdintasunean oinarritutakoak».
Gizonekin eta emakumeekin aparteko lanketak egingo badituzte ere, bi taldeak ere elkartuko dira bizpahiru saiotan. Beristainen esanetan, «gorputzarekin, emozioekin eta bizipenekin egiten dugu lan eta, gizon eta emakumeok norbera bere bidetik egitea dagokigun lanketak burutu ondoren, elkarri begira jarriaz geure bideak elkartu eta osatzea izango da saio hauen norabide nagusia». Era horretan, «familiako seme-alabei, harremantzeko eredu osasuntsuak eskaini» ahal izatea lortu nahi da, «gurasoen arteko berdintasunean eta ulermenean oinarrituta».