Eneko Aizpurua idazleak irabazi du Tene Mujika literatura saria
Bidasoa ibaian zeharrean, memoria kolektiborako esanguratsu diren edo izan beharko luketen istorioak kontatzeko proiektua aurkeztu du lazkaotarrak.
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko Tene Mujika Saria 2019 Eneko Aizpuruak (Lazkao, 1976) jasoko du. Euskal Herriko historia hurbilaz idateko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu, beka modura. Aizpuruak, Bidasoa ibaian gora egindako bidaia baten harira, memoria kolektiboan lekua duten edo izan behar luketen hainbat istorio kontatzeko proiektu bat aurkeztu du. Epaimahaian Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Aitor Zuberogoitiak ebatzi dute bekaduna. Urtebeteko epea izango du Aizpuruak proiektua garatzeko, eta gero liburua argitaratuko dute.
Bidasoa eremu esanguratsua da: pasabidea, bi estaturen arteko muga. Paraje haietan gertatutako zenbait kontakizun bilduko ditu Aizpuruak: Guardia Zibilak hiltzeraino torturatu eta Endarlatsan utzi zuen Mikel Zabaltzaren kasua, edo ETAk Eduardo Lopez polizia bonbaz hil zuenekoa, toki berean; frankismo garaian petsonen muga-igaroleku zenean itota hil zirenen historia (gehienak portugaldarrak); Pio Barojak eta Aitzolek Bera eta Lesaka artean topo egin zutenekoa, 1936ko gerraren hasieran…