Maskarada, Zuberoatik Legazpira
Sustraiak dantza taldeko kideak Zuberoako maskarada prestatzen dabiltza. Dantza egin nahi duen edonori zuzendutako ekintza denez, herritarrei parte hartzeko deia egiten diete.
Sustraiak dantza taldeko kideak inauterietan kalera irtengo dira beste urte batez. Aurtengoan, Zuberoako maskaradako doinuak dantzatuko dituzte. «Txandatuz joaten gara. Azkeneko aldiz maskarada egin genuenetik pasa dira urte batzuk, eta berreskuratzea erabaki genuen», azaldu du Jon Dorronsoro Sustraiak dantza taldeko kideak. Adin guztietako herritarrei zuzendutako ekitaldia da. «Nahi duenari animatzeko deia egiten diogu. Astearte eta larunbat arratsaldeetan entseatzen dugu gure lokalean. Dantza egin nahi duenak agertu besterik ez du».
Aurtengo ikastaroan 20-25 lagun dabiltzala zehaztu du Dorronsorok. Maskaradan, baina, jende gehiagok hartuko du parte: «Dantza taldeko kideez gain, haurrak, gurasoak eta ikastaroan dabiltzan ikasleak irtengo gara». Denera, 120 lagun inguru elkartzea espero dute antolatzaileek.
Martxoaren 2an, larunbatean, izango da maskarada: «goizeko hamaiketan hasiko gara maskaradarekin. Legazpiko kaleak zeharkatuko ditugu eta eraikin esanguratsuenak bisitatu. Gero, jubilatuetan bazkalduko dugu, eta arratsaldean, dantzaldia egingo dugu Kale Nagusian». Maskaradaren alor eszenikoa albo batera utzi eta dantzari emango diote protagonismo osoa. Maskaradako ohiko bralia eta gabota dantzatuko dituzte, besteak beste.
30 urte inauteriak girotzen
Dagoeneko badira ia 30 urte inauterietan Sustraiak dantza taldeak ekitaldi herrikoiak antolatzen dituela. «1990. urtean hasi ginen. Arin–arin eta fandango ikastaroak egiten genituen, baina ikasleek ez zuten aukera askorik izaten ikasitakoa praktikan jartzeko. Horregatik erabaki genuen inauterietan kalera irtetea», dio Dorronsorok. «Denborarekin, Euskal Herriko herri ezberdinetan egiten diren dantza ugari ikasi ditugu».
Lintxen etorrerarekin, martxoaren 1ean hasiko dira inauteriak. Lintxen etorrera ere Sustraiak taldearen ardura da. Asteburua igarota, Lintx erretzean amaituko dira inauteriak.