Zegama-Aizkorrin 10.000 lagunek eman dute izena
Izena emateko epea ixteko 3 egun besterik ez dira falta. Inoizko jende kopururik handiena apuntatu da maratoian, iaz baino 1.850 gehiago.
Zegama-Aizkorri mendi maratoia marka guztiak hausten ari da. Aurten, inoiz baino jende gehiagok eman du izena. Epea bukatzeko hiru egunen faltan, 10.000 lagun daude apuntatuta maratoirako, iaz baino 1.857 gehiago.
Kilometro Bertikalean ere, gora egin du izena emandakoen kopuruak. 1.118 dira orain arte apuntatutakoak, iaz baino 207 gehiago.
Ekainaren 2an jokatuko dute Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia, eta Kilometro Bertikala maiatzaren 31n. Otsailaren 1era arte egongo da izena emateko aukera eta dortsalen zozketa, otsailaren 22an egingo dute.