Egunero ikasten delako
Beasaingo Helduen Hezkuntza Eskolan 400 ikasle eta 11 irakasle dabiltza. Hezkuntza arautuaren eta ez arautuaren bidez, ikasten jarraitzeko aukera daukate helduek. Matrikula egiteko epea zabalik dago
Sarritan errepikatzen diren esaldiak dira ikasteko adinik ez dagoela, ikasteko inoiz da ez dela berandu edo egunero zerbait ikasten dela bezalakoak. Helduen Hezkuntza Eskolak ondo baino hobeto laguntzen du hiru esaera horiek esaten dutena betetzen, eta helduei ikasten jarraitzeko ateak irekitzen dizkie. 18 urtetik gorako ikasleei formazioa eskaintzen die, Beasaingo
J. M. Iturriotz kalean (Lanbide aurrean) eta Zumarragan Legazpi kaleko 7. zenbakian dauden helduen eskolek. Beasaingo kasuan, 2018-19 ikasturtean Goierriko 400 ikasle inguru eta 11 irakasle dabiltza.
Bi hezkuntza arlotan lan egiten dute HHI-EPAn. Hezkuntza arautuan, alfabetizazioa, atzerritarrentzako gaztelania eta DBHko titulu ofiziala ateratzeko eskolak ematen dituzte, astelehenetik ostegunera, 3 orduko saioak, goizez, arratsaldez edo iluntzez. Beasaingo HHIko arduradunek nabarmendu nahi izan dutenez, «ikasturtero ikasle mordoskak gainditu ohi du DBHko titulua ateratzeko azterketa. Aurreko ikasturteetan gainditzea lortu dutenetatik %90 erdi mailako zikloa egitera joan da eta lan aukerak zabaltzeaz gain, bere ikasketekin jarraitzeko aukera ere irekitzen zaie».
Hezkuntza ez arautuari dagokionean, berriz, artea, literatur tertuliak, informatika, ingelesa eta frantsesa eskaintzen ari dira aurtengo ikasturtean, astean bi orduko saioetan. «Euskara praktikatzeko astero elkartzen den mintzalagun taldea ere badaukagu», argitu dute.
Kultur askotako ikasleak biltzen dira bertan, «kanpotarrak asko eta bertakoak ere bai», honela, «kultura ezberdinak ezagutzeko» aukera eskaintzen du Helduen Eskolak.
Matrikula zabalik
Ikasturtea bi lauhilekotan banatzen da eta otsailaren 4an hasiko dute bigarren lauhilekoa. Beraz, aste honetan, ostiralera arte, matrikula egiteko aukera dago. Izena emako edo informazio gehiago eskuratzeko,943 88 87 58 telefono zenbakia eta 012733aa@hezkuntza.net posta elektronikoa daude aukeran.