Larunbaterako materiala aukeratu dute Idiazabalen jokatuko duten bikoteek
Idiazabalgo San Blas jaietan, eskuz binakako txapelketako partida jokatuko dute Olaizola II eta Albisuk, Ezkurdiaren eta Ladis Galarzaren kontra. Igarondon izan dira, pilotak aukeratzen.
Eskuz binakako txapelketako partida jokatuko da Igarondo pilotalekuan larunbatean. Olaizola II eta Albisuk, Ezkurdiaren eta Ladis Galarzaren aurka jokatuko dute. Haien aurretik, Peña IIak eta Arangurenek, P.Etxeberriaren eta Garmendiaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Partidak 15:30ean hasiko dira, Igarondo pilotalekuan. Materialaren aukeraketa gaur egin dute eta herritar asko gerturatu da.
Hamaikagarren jardunaldian dira bikoteak txapelketako ligaxka amaitzeko, lau partiden faltan. Sailkapen nagusian bigarren daude Olaizola eta Albisu, beraz finalerdira pasatzeko aukera handiak dituzte. Galarza eta Ezkurdia berriz, zazpigarren tokian daude sailkapen nagusian, hurrengo fasera igarotzeko aukera gutxirekin.
Maila ematea helburu
Txapelketa hasi eta lehen jardunaldian ere aurrez aurre izan ziren bi bikoteak, Iruñan. Egun hartan, markagailuak Galarzaren eta Ezkurdiaren alde egin zuen. Oraingo honetan, txanponari buelta eman eta «irabaztea» espero du Albisuk. Horretarako duten «maila ematen» saiatuko dira. Konfidantzaz daude, «azken aldian ondo jokatzen» ari baitira. Dena den, norgehiagoka «erreza ez» dela izango ere adierazi du.
Bestalde, Ezkurdiak, binakako txapelketa dela eta «penaz» daudela adierazi du. Hurrengo fasera pasatzeko aukera gutxi dute taularen azpiko aldean daudelako, hiru punturekin. Gainera, larunbatean «faboritoetako baten aurka» jokatu beharko dute, baina hala ere, «gogotsu» iritsiko dira Idiazabalera.
Sarrerak eskuratu nahi izatekotan deitu 677 829 896ra