Rock and roll doinuekin, agur
Hell Beer Boys boskoteak agur esango die eskenatokiei 17 urtetako ibilbidearen ondoren. Larunbatean, azkeneko kontzertua egingo dute Dinamita taldeko lagunekin batera, Ordizian.
Agur esatea zaila egiten bada ere, batzuetan bizitzak berak hartzen dituen bideengatik iristen den momentua izan ohi da. Eta badirudi, Hell Beer Boys taldeko kideei iritsi zaiela une hori. Musikaren munduan ibilbide luze baten ondoren, agur esango diete eskenatokiei, datorren larunbatean Ordizian. Ondoen egiten dakiten moduan egingo dute agurra, rock and roll doinuekin.
Eneko, Gorka, Iker, Hodei eta Jabier, edo Hell Beer Boys. Ia 20 urteko ibilbidea, sei disko, makina bat bidaia eta pasadizo, eta kontzertuak zenbat izan diren esaten ere zaila. «17 urtek askorako ematen dute. Dagoeneko ez gara hasierako mutiko haiek. Ilusioa, baina batez ere dugun denbora librea ez da lehen genuena. Orain, gure bizitzetan lehen ez genituen beste gauza batzuk daude», adierazi du Gorka Garzia taldeko abeslariak. Eteteko erabakia hartzea «oso zaila eta gogorra» izan dela ere esan du. Dena den, musika tresnen artean hainbeste denbora igaro ondoren guztiz utziko ez dituztela ere azaldu du: «Hodeik Orreaga 778 taldearekin jarraituko du eta gainontzekoek, egingo dugu zerbait. Musika eta rock and rolla gure galbide dira, zainetan daramagu eta ezinezkoa da guztiz uztea». Hala ere, «orain ez gara horretan pentsatzen ari, emango dugun azkeneko kontzertua baino ez dugu buruan», nabarmendu du taldeko abeslariak.
Sei disko, mila istorio
Grabatutako disko bakoitzak oroitzapen asko gordetzen ditu. Garziak berak adierazitakoaren arabera, «lehena izan zen bereziena eta zailena». Ratas del Oria 2003an kaleratu zuten, taldea sortu eta urtebetera gutxi gorabehera. «Debutaren diskoa izan zen. Bizitzako esperientzia berri bat», gogoratu du beasaindarrak.
Beste garai batzuk ziren eta diskoa kaleratzea «asko kostatu» zitzaien. Antza, inork ez zuen haien diskoa kaleratzen arriskatu nahi: «Euskal Herriko disketxeek ez ziguten aukera eman eta Toledoko Urban Rebolt Records disketxeak lagundu zigun». Hasieran zailtasuna zirudiena «positiboa» izan zen azkenean, «toki askotan ezagutzera emateko aukera eman zigutelako. Bai hemen, baina baita espainiar estatuan ere». Lehenengo disko hark «arrakasta handia izan zuen. Kopia guztiak saldu ziren, jendeari asko gustatu zitzaion lana da».
Haren ondoren, beste disko batzuk ere grabatu zituzten, beste bost hain zuzen ere: Des-kontrol taldearekin batera egindako Acab (2004), Mi crew (2006), No penseis por mi (2008), Heroes de la noche (2010) eta Cuando ya no quede nadie (2018). Horietako bakoitza «taldearen garai bati dagokio», argitu du Garziak.
Agurraren kontzertua
Taldea sortu eta gutxira egin zuten lehenengo kontzertua Ordiziako jai batzuetan, Gaztetxean, «urduri baina sekula ahaztuko ez dugun eromena izan zen», aitortu du abeslariak. Baina orain, ia 20 urteren bueltan, «bizitzako atal garrantzitsuenetakoari agur esateko unea da».
Urte hauetan guztietan, «belaunaldi desberdinetako jendeak jarraitu gaitu kontzertuz kontzertu», eta haiek gabe hainbeste urtean jarraituko ez zutela aitortu du.
Larunbatean, oholtza gainean eta «festa giroan» esango dute agur. Dinamita talde gonbidatuarekin batera, pilotaleku estalian, 20:00etan hasita.
Lehenengo diskoa kaleratu du Bake Faltsua taldeak
Ibilbide luze baten ondoren Hell Beer Boys taldearen agur kontzertuaren egun berean, lehenengo diskoaren aurkezpena egingo du Bake Faltsuak talde ordiziarrak. 2017ko urriaren 27an lehenengo kontzertua emanda, egingo duten 20. kontzertuarekin batera, Bestelako ezpala izenburupean kaleratutako diskoa aurkeztuko dute. Euskaraz idatzitako «Goierriko etxeko punk» estiloko 10 kanta ditu diskoak eta gai sozialak dituzte hizpide. Taldearen izenak berak argitzen duen moduan «bizi dugun errealitate faltsuari aurre egiteko mezua» zabaltzen dute.
Diskoaren izenburuak ere badu zergatia. Taldeko kideek azaldu dutenez, «‘Halako zura, halako ezpala’ esaera hainbestetan entzun eta gero, beste mota bateko ezpala» dira. Hori bai, «egurra emateko prest» daude.
Diskoaren aurkezpena,Ordiziako Gaztetxean egingo dute, 18:00etan hasita, Zure Etxai taldeko lagunekin.