Zerain, Gipuzkoako txapeldun
Zerainek irabazi du Gipuzkoako Taldekako Bola Txapelketa, Lasarten. Bi seikote osatu dituzte. Finaleko lau taldeetatik hiru ziren Goierrikoak. Gizonetan, Legazpi bigarren
Bola kirolera berdintasuna iritsi dela esan daiteke. Oraindik ez da egonkortu, ezta erabat parekatu ere, baina iritsi da. Duela urte asko ez direla ikusten ez ziren bolatokiak ikusten dira orain. Gipuzkoako Taldekako Bola Txapelketa da lekuko. Urteko lehiaketa jendetsuena da, hein batean emakume asko sartu direlako. 123 bolarik parte hartu dute, horietatik 26 andrazkoak. Lau talde emakumeenak ziren.
Lehiaketa-eredua ere aldatu du Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioak, duela hiru urtetik. Sailkatze tiraldien ondoren, beste final egun bat jarri du —Lasarten izan zen zapatuan—, eta hori erabat parekidea da: lau talde gizonenak, lau emakumezkoenak.
Zerain nagusi aurten ere
Andrazkoen finalean, lau taldeetatik hiru Goierrikoak ziren: Zeraingoak bi, eta Gabiriako bat. Villabonako Beharzanak atera du laugarrena. Laurek jokatu zuten finalean. Buruz burukora Beharzana eta Zerain-1 taldeak iritsi ziren. 2018ko Gipuzkoako txapela berrituz, Zerainek irabazi du aurten ere.
Belen Abendibar, Maria Jesus Mendizabal, Garbiñe Alustiza, Mari Flor Mendizabal, Kontxita Gabiria eta Aitziber Makatzaga dira Zeraingo talde irabazleko bolariak. Arantzazu Muñoa, Ainara Etxenagusia, Alaitz Makatzaga, Jone Oria, Ana Otermin eta Miren Makatzaga aritu dira beste taldean.
Gizonezkoetan, Legazpi bigarren
Gizonezkoen adarrean, Danantzako (Legazpi), Santa Kruz (Urnieta), Txoritegi (Segura) eta Ategorrieta iritsi ziren finalera. Lehen biek jokatu zuten buruz burukoa, eta Urnieta txapeldun.
Jose Luis Agirre, Juan Pedro Agirre, Mikel Azarola, German Gereñu, Juan Mari Iñurritegi eta Ion Orikain aritu dira Legazpitik.