Idiazabaldarrak 'Axariaren' zain
San Blas festak ofizialki bihar hasiko dituzte Idiazabalen. Haurren danborrado kideek esango dute aurten pregoia. Goitibehera lasterketa egingo dute larunbatean
Idiazabaldarrek guztia prest dute San Blas jaiei hasiera ofiziala emateko bihar, ostirala. Pasa den astebukaeran jaiak berotzen hasteko ekitaldi garrantzitsuak egon baziren ere, herri krosa, haurren danborrada eta alardea besteak beste, bihar jaitsiko dute Axaria. 20:00etan irakurriko dute haurren danborradakoek pregoia eta ondoren lehertuko da festa.
Gaur hasi eta datorren astelehenera arte, ekitaldiz beteriko egunak izango dira Idiazabalen: txapelketak, lasterketak, pilota partidak, bertsolariak, kontzertuak eta haurrentzako tailerrak izango dira, besteak beste. Gaur gainera, festen hasiera ofiziala izateaz gain, mozorro eguna ere bada. Herriko kuadrillak aspalditik mozorrorik onenarekin ateratzeko lanean ari dira. Izan ere, egunetik egunera indar gehiago hartzen ari da mozorroen eguna.
Bestalde, otsailaren 2a, larunbata, Kandelaria eguna da eta an Blas, berriz, egutegiak berak adierazten duen moduan, otsailaren 3a, igandea. San Blas eguna kuadrillen eguna ere izango da Idiazabalen. Azkenik, astelehena, otsailaren 4a izango da txikien eguna.
Danborjoleen pregoia
Aurtengo festak «bereziak» izango dira haurren danborrada antolatzen duen lantaldearentzat. Izan ere, haiek izango dute jaien hasierako pregoia esateko ardura. Sorpresa mantentzeko asmoarekin, momentuz ez dute esango dutenaren berri eman. Hori bai, «danborradaren 38 urteotan antolakuntzatik pasatako herritar guztiak gonbidatu» dituzte.
Haurren danborrada San Blas festetako ekitaldi garrantzitsuenetakoa da, hainbeste urtean mantendu den ekitaldia delako, baina baita parte hartzen duten haurren kopuruagatik ere. Aurten 215 haur atera dira. Antolakuntzako kideek jakinarazi dutenez, jantzi gehiago ere eskatu behar izan dute aurten, «haur guztiek berea izan zezaten». Igande arratsaldean atera zen danborrada eta antolakuntza «oso pozik» geratu zen emaitzarekin.
Goitibeherak
Aurtengo festetan, goitibeheren lasterketa jokatuko da berriz ere Idiazabalen, larunbatean, 13:30etik aurrera. Gainera, Euskal Herriko txapelketarako puntuagarria izango da. Momentuz 40 partaide egongo dira lau kategoriatan banatuta.
Zirkuitoari dagokionez, Gurutzetatik atera eta kilometro bat eta 600 metroko bidea egin beharko dute herriko plazara iritsi arte.
Saioa Elorza idiazabaldar gazteak parte hartuko du Bergarako Maddi Gutierrezekin batera. Antolakuntza lanetan ere aritu da Elorza.