«Mendian lanean bezain eroso sentitzen naiz, biak ditut gogoko»
Alzelai suhiltzaile, aita eta mendiko eskiko euskal selekzioko teknikaria da, baina lehiatzeari ez dio uko egiten. Espainiako Kopako lehen proban bigarren egin du.
Azken egunetako prezipitazio mardulek zuritu dituzte Goierri inguruko mendiak, eta gustura dago Igor Alzelai (Legazpi, 1978). Elurraren bila makina bat kilometro egindakoa da, mendiko eskia baitu bere zaletasun handienetako bat. Ongi hasi du denboraldia, Baqueira-Bereteko proban bigarren egin baitzuen.
Gutxigatik ez zenuen beteranoen mailako esprinta irabazi.
Oso proba esplosiboa da, hiru-lau minutuko proba gogorra baita. Kale eginez gero, denbora eta tarte gutxi duzu akatsa konpontzeko. Gainera, teknika ere behar da, seinaka lehiatzen baita.
Baina modalitate gehiagotan ere hartzen duzu parte, ezta?
Asteburu honetan, esaterako, Candanchura goaz, bakarkako lasterketan parte hartzera. 1.500 metro inguruko desnibela izaten duen lasterketa bat da, eta azkarrenak irabazten du. Era berean, bikotekako lasterketak ere izaten dira. Ezagunenak Altitoy eta Grande Course izaten dira.
Noiz arte luzatuko duzu denboraldia?
Espainiako Kopa martxoaren amaieran bukatuko da. Aste honetako Candanchuko probaz gain, Boi Taullera joango gara asteburu bakarrean esprint bat, bakarkako lasterketa bat eta bertikal bat egitera, eta martxoanberriz ere Candanchun, binakako lasterketa egingo dugu; Boi Taulleko probak Espainiako Txapelketarako baliagarriak ere izango dira.
Helburu zehatzik ba al duzu?
Aurten euskal selekzioko teknikari lanetan nabil, gaztetxoei laguntzen, aholkuak ematen eta animatzen. Jende oso ona dugu taldean, eta aurten horri eman diot garrantzia gehiago. Munduko Kopa lehiatzen ari diren bi gazte ditugu.
Nolakoa da mendiko eskiaren egoera?
Euskal selekzioaren gehiengoa gipuzkoarrok osatzen dugu, na-hiz eta bizkaitarren bat ere badagoen. Geroz eta eskiatzaile gehiago gara eta, bereziki, gazteek eta emakumeek izan dute gorakadarik handiena. Orokorrean, nahiko maila ona du gure selekzioak.
Proba gehienak kanpoan izanda, denbora asko kentzen dizu eskiak?
Aitatasunarekin eta suhiltzaile lanarekin uztartzen dut eskia, baina ez nau itsutzen. Elurretara ezin banaiz joan, bertan entrenatzen dut. Mendira joan, bizikletan ibili, rollerrarekin… elurretan edo ez, egunero egiten dut kirola.
Suhiltzaile lanak badu abantailarik eskiatzerakoan?
Ez dut uste. Ordutegiengatik entrenatzeko erraztasuna dut, baina besterik ez.
Eta alderantziz? Eskiak lagundu dizu zure lanean?
Eskiak sasoia mantentzen laguntzen dit. Azken finean, gure lanaren ezaugarriengatik, sasoiko egotea ezinbestekoa da.
Mitifikatuta dago suhiltzaileen lana?
Egutegiengatik edo, jendeak suhiltzaileen irudi zehatz bat du. Baina azkenean, ezohiko egoeretan laguntzeko prest gauden langile batzuk besterik ez gara.
Non sentitzen zara erosoago?
Lanean mendian bezain eroso sentitzen naiz. Biak ditut oso gustuko.