Igande goizaldeko gertakariak salatu ditu udalak
Pasa den larunbatetik iganderako gauean «hainbat gertakari» izan ziren Idiazabalen udalak ohar bidez jakinarazi duenez. Ohar horretan adierazitakoaren arabera, igande goizaldean «etsipena eta haserrea» sentitu zuten idiazabaldarrek «berriz ere».
Batetik, «kaleko garbitzaileen aurka egin zuten herriko hainbat gaztek», bestetik «jarritako hainbat megafono eta karpako argi puntuak hautsi zituzten, baita argiaren indarra neurtzeko eta energia gutxiago gastatzeko neurria hartzeko sentsoreak ere».
Horrez gain, «frontoi zaharreko kabinatik 112ra deitu zuten adingabeko bat koma etilikoan zegoela esanez». Anbulantzia eta Ertzaintza bertaratu, baina «inor ez zegoen han koma etilikoan, baina gazte talde handi xamar batek haien kontra egin zuen».
Gainera, «kabina erabat hautsita agertu zen». Udalak, ez du ulertzen «laguntzera datozen langileen aurka egitea, ezta jaietan txikizioak egiten ibiltzea baino egiteko gauza hoberik ez izatea ere».
Horregatik guztiagatik, Idiazabalgo Udalak «lotsa eta haserrea» sentitzen dituela nabarmendu du, batez ere, «herriko gazte jakin batzuk izan direlako».
Azkenik, udala eraso hauen guztien «aurka» dagoela adierazi dute, Idiazabal «ez den bezala erakusten dutelako». Ekitza «ajolagabe hauen aurrean tinko» jarriko direla ere jakinarazi dute eta herritar guztiei «ildo berean egiteko» deia ere egin dute.