Santamariari "ez aurrekonturik, ez ekimen propiorik" izatea egotzi dio EH Bilduk
EH Bilduk Buztuntzako proiektua beraiek landutakoa dela gogorarazi du eta "Santamaria alkatearen iruzurra" salatu du, egitasmoa bere eginda, "argazkia eta titularra" bilatu dituelako.
Buztuntza auzo biziberritzeko urbanizazio proiektua eta parte-hartze prozesua iragarri zituen, pasa den astean, Ordiziako udal gobernu taldeak. Agerraldi hark haserrarazi egin du EH Bildu, ez proiektuaren aurka daudelako, EH Bilduk berak landu eta proposatutako proiektua delako, baizik. Buztuntzako plazan agerraldia egin dute gaur koalizio abertzaleko kideek, “Santamaria alkatearen iruzurra” salatzeko. “Proiektu propiorik ez” izatea egotzi diote, eta “argazkia eta titularra lortzearren, berak sustatutako proiektu izarra bailitzan” saldu nahi izatea.
EH Bildu pozik agertu da “Buztuntza auzoak biziberritzeko behar duen gure proposamena aurrera” atera delako; hala, “auzo osoa aztertuko duen urbanizazio proiektu orokor bat” egin delako, eta bide hori “bizilagunen parte-hartzearekin” egingo delako. Santamaria alkatearen agerraldia, ordea, “oso larria” dela deritzote. “Onartezina da, hausnarketa baten ondorio izan dela adierazteko ausardia izan duelako, gaia Tokiko Gobernu Batzordean edo gainerako lantaldeetan sekula aipatu ez duenean”. Adur Ezenarroren ustez, Santamariak “ez du egia onartu nahi”, hau da, “hausnarketa guk burutu genuela”. Ez hori bakarrik; “alkatearen aurrekontuei guk aurkeztu genion emendakinagatik izan ez balitz, ez lirateke Buztuntza auzoa eraberritzeko urbanizazio proiektua eta partehartze prozesua” egingo.
“Aurrekontuen bilakaera negargarria”
Buztuntza auzoko proiektuaz gain, udal aurrekontuen egoera ere hizpide izan dute EH Bilduko ordezkariek. Aurrekontuen “bilakaera negargarria” dela ohartarazi dute. “Aukera guztiak saiatu ditugu aurrekontuekin; 2016an aho batez onartzea; 2017an aurrekontuak luzatzea, aurreko urtean emandako hitza ez zutelako bete; eta 2018an udal gobernuaren proposamena emendakin bidez zuzentzea”. 2016an adostutako proiektuak ez 2017an eta ez 2018an “ukitu ere ez” direla egin diote, “ez da euro bat bera ere gastatu”. Herriko irisgarritasuna hobetzeko proiektua, Oiangu baserria birgaitzekoa, kulturarako lokalak erosteko partida edota Garagartza plazako estalkiaren proiektua dira horren adibide. “Santamaria alkatea ez da fidagarria, ez du emandako hitza betetzen, eta bere interesen arabera erabiltzen ditu aurrekontuak”.
EH Bilduk salatu duenez, “legealdi osoan Santamaria alkatea eta bere udal gobernua ez dira, urte batean ere, onartutako aurrekontuekin hasteko gai izan”, eta mahai gainean “proposamen bat aurkezteko gai” ez izatea egotzi diete. Lazkaok eta Beasainek azaroan, eta Legorretak, Zaldibiak, Urretxuk eta Zumarragak abenduan onartu zituztela aurrekontuak gogorarazi dute, eta “Goierri eta Gipuzkoa osoko salbuespen eta lotsa” dela Ordizia. “Oraindik ez dakigu 2019rako ze inbertsiotarako diru aurreikuspena dagoen ere”.
Bere aldetik, EH Bilduk “Ordiziaren alde lanean” jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Buztuntzan bezala, Majoriko, Altamirako eta Barrenako proiektuak jarri dituzte adibide moduan. Hala, Buztuntzako parte-hartze prozesuan ere “proposamen eraikitzaileak egiten” izango direla gogorarazi dute.