Mikel Aiestaran, "kazetari bat baino gehiago"
Mikel Aiestaran kazetari beasaindarrak Ignacio Ellakuria saria jaso du, Urkullu lehendakariaren eskutik. Informatzaile soila baino, "kooperante kazetaria" dela esan dute.
Lankidetzako 2018ko Ignacio Ellakuria jaso du gaur Mikel Aiestaran kazetari beasaindarrak, Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik. Aiestaranek historiak kontatzerako garaian duen “giza ikuspegia” aitortu nahi izan du epaimahaiak, baita gertakarien gainean agertzen duen “errespetua” ere. Lehendakaritzan egindako ekitaldian, politika eta gizarte arloko ordezkaritza zabala bildu da.
Lehendakariak, bere “kazetaritza lanaren zehaztasuna” eskertu dio Aiestarani. “Eskertu egiten dugu zure lan profesionala apaltasunez eta garrantzizkoa den horretan oinarrituta garatzea: mezuaren kanala izatea”. Bere lanari esker, nazioarteko gatazkak hobeto ulertzeaz gain, “ahaztutako pertsonei, galtzaileei, bonbardatutakoei, biktimei, errefuxiatuei eta migratzaileei” ahotsa eman izana azpimarratu du. “Mikel Aiestaranek erakutsi egin digu solidaritatearen eta lankidetzaren aktibista bat dela; kazetari bat baino gehiago da, ‘kooperante kazetari’ bat da”.
Aiestaranek, bere aldetik, “oso pozik eta oso urduri” zegoela esan du, ez baitago ohituta zuzeneko hitzaldiak inprobisatzen. Ekialde hurbilean “kooperanteek eta kazetariek lan esparru bera” konpartitzen dutela azaldu du. “Gobernuen, editoreen edo alderdi politikoen eskuetan dauden antzezle bihurtzeko arriskua dugu, botoak edo audientzia irabazteko tresna bilakatu gaitezke, edo are gehiago, kontzientzia garbitzeko tresna”.
Gertutik ezagutu duen Israel eta Palestinaren arteko gatazkaz hitz egin du, eta Israelek Gazan egindako sarraskiak izan ditu gogoan; bost urteren ondoren, ezer ez dela aldatu esan du. Horrelakoetan, ‘zertarako balio du gure lanak?’ galderari, erantzunik ez diola bilatzen azaldu du, baina gizarte honetan ditugun gatazkei ezin zaiela bizkarrik eman. Horregatik, saria “harro” jaso duela esan du, baina baita “erantzukizunez” ere, aurrerantzean ere sari horren balioei eutsiz lanean jarraitzeko.
Goierritik ekialde hurbilera
Mikel Aiestaran 2005. urtetik ari da freelance kazetari moduan, nazioarteko gatazken berri ematen. Ekialde ertain eta hurbileko hainbat herrialdetan izan da; aurreneko gatazka handia, 2006an, israeldarrek Libano inbaditu zutenean egokitu zitzaion. Harrezkero, Iran, Irak, Afganistan eta Pakistango berri eman du, eta baita Israel eta Palestinaren arteko gatazkakoak ere; tartean, Gazako bonbardaketen zuzeneko testigu izan zen. 2011n, ‘udaberri arabiarra’ iritsi zenean, Tunez, Egipto, Libia, Yemen eta Siria herrialdeetan ere izan zen, bertako mugimenduen berri emanez. 2015etik, Jerusalemen bizi da.