Joxan Artze zena Ataunen omenduko dute, amaren aldeko sustraietara itzulita
Poeta hil zela urtea bete denean, Ataunikerrek omenaldia egingo dio, larunbatean. Benita Agirre ama Erroiondokoa zen, eta plaka bat ezarriko dute jaiotetxean. 2010ean Ataunen izan zen Artze
Urtarrilaren 12an bete da urtea Joxan Artze Agirre poeta (Usurbil, 1939 – 2018) hil zela. Olerkari eta txalapartari ospetsu izan zen, eta 1966an Ez Dok Amairu kultura mugimenduaren sortzaileetakoa, Mikel Laboa, Xabier Lete, Lourdes Iriondo eta Benito Lertxundirekin, taldean. Horiez eta askoz gehiagoz gain, Ataungo jatorria ere bazuen, amaren aldetik. Larunbatean omenduko eta gogoratuko dute Artze, Atauniker kultur elkarteak antolatutako ekitaldian.
Benita Agirre Munduate zuen ama Artzek, Ataungo Aia auzoko Erroiondozarreko alaba. Kaxetatik aurreraxeago, Agauntza errekaren ertzean dago baserri hori, Aiarako bidea hartu eta berehala eskuinera. Gaztetan, neskame joan zen Beterrira, eta Usurbilera ezkondu zen gero.
«Bere olerkietan maiz aipatzen zuen ama ataundarra», azaldu du Ataunikerrek. Omenaldi xume bat egingo diote, horren aitzakian. Larunbatean 12:00etan izango da, 20 bat minutuko saioa. Artzeren oroimeneko hitzalditxo bat egingo dute, eta Erroiondozarreko horman plaka bat ezarriko dute. Carmen Esteban alarguna han izango da. Bukatzeko, Aiako Haitzarri elkartera igo, eta hamaiketakoa hartuko dute partaide eta bisitari guztiek.
2010ean Ataunen izan zen
Sustraiez gain, olerkien fruituaren erakusleku izateagatik ere bazuen lotura Joxan Artzek Ataunekin. 2010eko ekainaren 11n olerki, hausnarketa eta pentsakizunen errezitaldia egin zuen Ataunen, Ataunikerrek gonbidatuta.
Ekitaldi hura hasi aurretik, amari 1963an Londrestik bidalitako gutunaren kopia bana itsatsi zion Artzek okasiorako espreski argitaratu zuten olerki liburuxkari. «Errezitaldia entzun eta bere hartan geratu ez zedin, irakurri zituen poemekin liburuxka bat osatu genuen, eta orduan aurkeztu genuen argitalpen hura ere. Olerki batzuk berak aukeratu zituen, eta beste batzuk geuk aukeratzeko eskatu zigun», gogoratu du Ataunikerreko Jexux Aizpuruak.
Lehengusuak badituzte oraindik Ataunen Artzetarrek. Familia-lotura eta uztarketa sinbolikoa izango da zapatuko omenaldia. «Izan ere, Artzek gai gogokoak zituen ura, erreka eta natura», atera du hizpidera Aizpuruak, Erroiondoren kokaguneari erreferentzia eginez.