Kiroldegiko igerileku txikia martxoan irekitzeko moduan izango da
Igerilekuko estalkia berritu dute beroak ihes egin ez dezan. Igerilekuak sakonera gutxi dauka eta bertan ikastaroak zein kirol egokitua egingo dituzte
Legazpiko udal gobernuak Bikuña kiroldegiko igerileku txikiko lanak ikusteko bisita antolatu zuen aurreko ostiralean eta Koldobike Olabide alkateak bertan iragarri zuenaren arabera, igerilekua martxoan irekiko dute. Estalki berriaren lanak amaituta daude ia eta orain kanpoko solariumeko belardia konpondu eta igerilekuan lan egingo duten sorosleen zein irakasleen kontratazioari helduko diote.
Olabideren hitzetan, «urteetan igerileku txikian lan hauek egiteko beharra sumatu zen, neguan erabilgarria izan dadin». Udan erabiltzen bada ere, neguan beroak ihes egiten zuen estalkia egokia ez zelako, eta egin dituzten lanen helburua beroa gordetzeko moduko estalkia jartzea izan da. Igerilekuak ez dauka sakonera handia, 1,30 metrokoa da gehienezko sakonera, eta ezaugarri horrek hainbat ekintza egiteko aukera emango du, hala nola errehabilitazioa edota ikastaroak. Horiez gain, Olabidek igerilekuak izango duen beste erabilera bati egin dio azpimarra, «Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin lankidetzan ari gara eta Legazpiko igerilekura etortzen dira umeak kirol egokitua egitera. Goierriko ESIak babesa eman zigun proiektua aurkezteko, izan ere, sakonera gutxiko igerilekuan errazago egingo dituzte kirol egokituko jarduerak». Igerilekuak funtzio ludikoa izateaz gain, «funtzio soziala» izango duela nabarmendu du.
Pello Garmendia Legazpiko kirol teknikariak hurrengo urratsak zeintzuk izango diren zehaztu du, «lanak erabat amaitu eta igerilekua urez beteko dugu beroak ihes egiten ez duela ziurtatzeko». Halaber, sorosleen kontratazioa –bat edo bi izango dira– eta irakasleena martxan jarriko dute. Kanpoko belardiaren txukuntze lanari dagokionez, Garmendiak «nahikoa lan» izango dutela azaldu du, «materialak bertatik sartu dituzte eta bere onera ekarri beharko dugu».
Atletismo pistaren egokitzapenean lanean ari dira
Bikuñako atletismo pistan hobekuntzak egiten ari dira. Hain zuzen, luzera jauziko hondar gunean ura pilatu ez dadin drainatze sistema jartzen ari dira, baina eguraldi lehorra behar dute lanak amaitu ahal izateko. Atletismo lasterkarien irteera teknikak lantzeko 50 metroko gunea prestatzen ari dira, baina hura amaitzeko ere eguraldi lehorra behar dute.
Kiroldegi kanpoko argiztapena eta futbol zelaiko harmailetako eserlekuak berritu dituzte; ez bustitzeko teilatutxoa ere jarri dute.