Pisten aurrean Aldundiak izandako jarrera «agerian» utziko du Arartekoak
Landarlanek Arartekoaren bulegora jo zuen, Aldundiak izandako jarrera salatzeko. Arartekoaren ustez, «administrazioaren ez ohiko funtzionamendua» da aldundiaren jarrera.
Aralarren baimendutako Goroskintxuko pistaren harira, Landarlan Arartekoarekin harremanetan jarri zen 2017ko otsailean, elkarteak gaiaren inguruan duen kexa adierazteko. Pasa den abenduan jaso zuten Arartekoaren erantzun-txostena. Landarlanekoek jakinarazi dutenez, Arartekoak dio «Aldundiak, Landarlanek 2016ko urrian bidali zion helegitea erantzun» behar izan zuela, eta Arartekoak 2018ko urrian hala eskatu zion arren, orain arte Aldundiak ez duela erantzun.
Arartekoak txostenean dioenez ,«eskaera egin zuen elkarteari administrazioko erantzunik ez ematea, administrazioaren ez ohiko funtzionamendua» da, eta hori Arartekoa erakundeak «agerian» utzi beharrekoa da.
Gainera, Aldundiari egindako gomendioa «ez onartutzat» hartu duela ere jasotzen du, eta horrela adieraziko duela Eusko Legebiltzarrera bildaltzen duen urteroko txostenean.
Landarlanen eskaera
Aldundiak Landarlanekiko izandako jarrera «oso negatiboki» baloratu dute elkarteko kideek, eta «jarrera aldatzea eta gobernantza berri bat aurrera eramatea» eskatu diote. Era berean, «pista proiektuak gelditzea» ere eskatu dute, Aralar Natur Parkea «artifizializatu eta larriki kaltetzen dutelako».