«Osinaldek izen ona dauka, eta gazteei deitzean ilusioa dutela antzematen da»
Bertsolari gazteen 48. Osinalde Sariketa martxoaren 30ean hasiko da, Ordiziako Argi Berrin. Osinberde eta Aztiriako kanporaketen ondoren, apirilaren 27an jokatuko dute finala, Osinalde elkartean.
Zer berritasun dator aurten?
Nobedaderik ez dugu, eta irizpideak ere betikoak dira. 18 bertsolari hartzen ditugu. Goierriko sariketa izanik, lehentasuna bertakoei ematen diegu. Gero, lurraldetasunari begiratzen diogu, herrialde bakoitzeko Bertsozale Elkartera deitu, eta zein gazte gonbidatu genezakeen jakiteko. Gehienez 3 urtean etor daitezke, eta irabazleari ez zaio deitzen.
Aurten, 18tik zortzi lehen aldiz gonbidatu dituzue.
Adinari ere begiratzen baitiogu. Gehienez, 25-26 urtekoak izaten saiatzen gara. Zaharrena Ibai Amillategi da, 26 beteko ditu. Hala ere, lehenengo aldiz deitu diogu, aurten ez bada ez baitiogu inoiz deituko, eta aukera bat merezi duela iruditzen zaigulako.
Harrera zer moduzkoa izaten duzue? Baiezkoa kostatzen da?
Izugarrizko ilusioarekin jasotzen dute deia. Osinaldek izen ona dauka, eta antzematen dugu ilusioa egiten diola jendeari. Bi ezezko izan ditugu aurten, baina kanpoan daudelako.
Goierritar bakarra dago, Ane Beloki. Barealdia dator?
Hala ematen du. Urte batzuk pasatu dira 3-4 goierritarreko sariketak izan direna. Orain ematen du baxuago dagoela eskualdea bertsolari gazte aldetik. Baina etorkizunerako badatozela ere ikusten da. Ez da arduratzekoa.
Antolakuntza aldetik ere eusteko egoeran zaudete?
Ez dugu gainbehera handirik ikusten. Ordizia, Zaldibia, Aztiria eta Gabiriako elkarteak ere gustura eta aurrera segitzeko gogoz daude, oraingoz. Aldaketa handirik ez da aurreikusten.
Nola eta noiz hasten duzue antolaketa?
Urtarrilaren 7an 19:00etan daukagu bilera jarrita, beti; horrela ez zaigu ahazten. Garai bateko antolatzaileek segitzen dute etortzen, eta elkarte bakoitzeko bizpahiru lagun eta Gabiriako gazte batzuk izaten dira. Ea hurrengo belaunaldirako saltoa ematen dugun, gazteagoak sartzen. Emakume asko ere ez ditugu lan-taldean, eta behar dute, haien ikuspegia edukitzeko.