Otsailarekin, natura pizten hasi da
Lore postuek kolorez jantzi dute plaza eskaintza berriarekin; eguraldi ona lagun, feria goiz atsegina suertatu da otsaileko lehen astean. Eguna luzatzen eta natura esnatzen hasi da.
Zortzi eta hamar gradu artean, eguzkia zirriztuetatik agertuz hasiera dotorea izan dute otsaileko feriek. Eta kolorez are dotoreago agertu da atzokoa, lore mahaietan erreparatuz gero. Aukera aberastu dute poliki aste honetan. Lehendik zeuden azaleak, ziklamenak, pentsamentuak eta biolak lagun dituzte atzotik: krabelina, 5 euroan; campanula, 6 euroan; iberis, 3,5 euroan; primula arrunta, 1,8-2 euro artean; primula Obconica, 6 euroan; zineraria, 10 euroan; eta jazintoa eta narzisoa, 2na euroan. Baita zinta belarra ere (Chlorophytum comosum), 2,5 euroan; lorerik ematen ez duen apaingarri dotorea da, izotzak hondatzen badu ere, moztu eta berriz aterako den patatatik sortzen baita.
Barazkietan ezer berririk ez bada ere, aza, azalore, porru, brokoli… ederrak ikusten dira feriako postuetan. Fruituei dagokienez, kiwiak eta sagarrak nagusi. Aldiz, intxaur gutxi dago aurten, eta kiloa 5 euroan da salgai; oso intxaur urte txarra izan den seinale. Hur askorik ere ez da ikusten (4-5 euro artean kiloa). Nafarroatik ekarriak, berriz, orburu (5,5-7,5 euro artean dozena) eta kardu (4-7 euro artean) ederrak ikusten dira.
Arkumeak prezio berean segitzen du 3,15 euro gehi BEZ-a, kiloko eta bizirik pisaturik
Eguna luzatzen hasi da
«Negu betean oraintxe gaude baina harrigarria da nola antzematen den natura esnatzen hasi dela, eguna arratsaldez bereziki nabarmen luzatu da». Aramako Patxi Arizmendiren hitzak dira, «tipulak ere mugitzen hasita daude, arana loretan… Hauek ez dute egutegi beharrik». Naturan erreparatzen duen edonorekin mintzatuz halako kontu itxaropentsuak entzungai dira. «Egunsentiarekin batera hasi dira kantuan txoriak. Neretzako ia garai hau beste zera bat da, beste poz bat» zioen Oreindaingo Kontxi Aiestaranek; «Txepetxa erotuta dabil, antzematen du eguna luzatzen ari dela», Joan Mari Urbizu segurarrak; «Txantxangorria, xoxoa, pinpine, birigarroa… a ze kantu hotsa dabilkiten», Klaudio Mendizabal zeraindarrak. Pinpin izena tokiaren arabera Euli txori beltzak edota Txonta arruntak hartzen du (txoriak.eus).