Plasnorretik irten eta bost kontinenteetaraino
Duela 45 urte sortutako familia enpresan plastikoa lantzen dute. Nazioartekotzea eta dibertsifikazioa dira Plasnorren jardunaren zutabeetako bi. Mundu osora iristen den enpresa ertaina da.
Plastikoa entzun eta material kutsagarria denaren ideia lotzen zaio maiz burmuinari. Legazpiko Plasnor enpresan, aitzitik, plastikoarekin egiten dute lan eta han ekoizten dituzten piezen %100 birziklagarriak dira; areago, ekoizpen prozesuan zero hondakin sortzen dute hondakinak birziklatu eta erabilpen berriak ematen dizkietelako. Hori da orain 45 urte Legazpin sortutako familia enpresaren ezaugarrietako bat. Ez da, halere, nabarmendu daitekeen bakarra. Izan ere, gaur-gaurkoz Plasnorren ekoizten denaren %65-70 inguru esportatu egiten dute: Turkia, Vietnam, Frantzia, Australia edo Hego Afrika. Bost kontinenteetara joan daitezke plastiko piezak Legazpitik irteten direnean.
Ramon del Canto Plasnorreko langileak lehenengo hariari tiraka plastiko mota asko dagoela adierazi du, «plastikoari erabilpen bakarra eman eta botaz gero, zalantzarik gabe ez da baliabiderik onena. Gurea, aldiz, industria sektorea da».
Bi prozesu lantegi batean
Bi dira, finean, Plasnorren egiten diren prozesuak. Alde batetik, plastiko plantxak egiten dituzte eta bezeroek forma ematen diete. Bestetik, Plasnorren bertan forma ematen eta muntaia egiten dute, hau da, amaierako produktua ekoizten dute. Batzuetan bezeroak diseinua ematen die eta beste batzuetan Plasnorreko diseinu departamentuak garatzen du. Del Cantok azaldu duenez, «gure sektorean ez da batere ohikoa enpresa bakarrean bi ekoizpen prozesu horiek barne biltzea, baina hala egiten dugu guk».
Plantxen ekoizpenaren arloan ez dago horrenbeste enpresa lehiakortasunari eutsi ahal dionik, «Austrian, Irlandan edo Korean badaude, baina gu lehiakorrak gara eta kalitatea eskaintzen dugu, badira lehiakiderik ez dugun tokiak». Plantxa horiek mundu osora esportatzen dituzte.
Plasnorren egiten duten beste prozesuan, amaierako pieza egiten duten horretan, esportazioak hurbilagokoak dira, batez ere, Europara. «Hurbiltasun hori garrantzitsua da piezetan garapen bat dagoelako».
Sektoreen mapa
Plasnorrek bere ekoizpena hainbat sektoretara bideratua du. Energia berriztagarrien sektorean ari dira eta, esate baterako, energia sortzeko haize-errotetarako sorgailuak ekoizten dituzte. Polietilenoa erabiltzen dute, batik bat, material hori iraunkorragoa delako.
Ibilgailuen barruko zein kanpoko piezak produzitzen dituzte, hala nola autobus, tren eta karabanentzako plastikozko piezak. Ibilgailuekin lotuta, diber-
tsifikazioaren xedeak bultzatuta, ibilgailu elektrikoen sektorean oso presente daude. Del Cantok plastikoak beste material batzuen aldean duen abantailari azpimarra egin dio, «pisua gutxitzen du eta ibilgailu elektrikoetan zinez garrantzitsua da autonomia, gero eta pisu gutxiago izan ibilgailuak, orduan eta autonomia gehiago izango baitu».
Logistikaren alorra asko aldatzen ari dela azaldu du Del Cantok, «guk palet tamainako plastiko bandejak edo erretiluak egiten ditugu automozio piezak garraiatzeko. Izan ere, garraioan asko aurrezten da kamioi barruan gehiago kabitzen delako eta horrek joan-etorriak murrizten dituelako. Gainera, itzultzeko erretiluak dira eta zazpi-hamar urte inguruko bizitza dute».
Misioa eta erronkak
Plasnorren misioa «aurrera jarraitzea» dela dio. Orain 45 urte sortu zuten hainbat familiaren artean eta egun bigarren belaunaldiko senideak eta senideak ez direnak ari dira bertan lanean. Plan estrategiko bat dute esku artean non zutabeetako bat dibertsifikazioa den. Grina horren isla da ibilgailu elektrikoen esparruan egiten ari diren lana eta biomaterialeen eremuan lanean hasi izana, hau da, plastiko biodegradagarriaren alorrean.
Plan estrategikoaren beste zutabeetako bat nazioartekotzeari eustea da, eta etengabean aztertzen ari dira nora bideratu behar dituzten esfortzuak; orain Turkia gero Aljeria, orain Vietnam gero Txina.
Gaur-gaurkoz Plasnorren Legazpiko eta inguruetako 60-70 bat lagunek egiten dute lan. Aurrera begira erronka ugari dituzte. Enpresa giroan zabaltzen ari den kultur berriari heltzea, zeinean pertsonak eta ingurua makinak eta adierazleak bezain garrantzitsuak diren. Halaber, euren jarduna ezagutzera emateko xedea dute, inguruari zer egiten duten komunikatu nahi diote. Aurreko lerro guztiak xede horren adibidea dira.