Argi-Berri mus txapelketan 136 bikotek eman dute izena
Ordiziako Buztuntza auzoan musa ari du, gaur arratsaldean. Argi-Berri elkartearen 42. Mus Txapelketara ehunka lagun inguratu dira, 54 herritatik.
Buztuntza beharrean ‘Mustuntza’ behar luke gaurko egunez Ordiziako auzoak. Argi-Berriren 42. mus txapelketak 136 muslari bikote erakarri ditu, iaz baino 15 bikote gehiago. “Kopurua oso ona da”, aurreratu dute antolatzaileek. Sariak hazi dituzte aurten, eta txapeldunek, esate baterako, 2.000 euro jasoko dituzte dirutan.
Urdaneta eskolaren lokaletan ari dira lehenengo kanporaketak jokatzen, final hamaseirenetara arte. Ondoren, final zortzirenetatik aurrera Argi-Berri soziedadera aldatuko da joko-zelaia. Kanporaketa-kopurua doitzeko, lehenengo 16 bikoteren artean aurre-sailkapen fase bat izan da. Aurrerako geratu diren 8 bikoteekin, eta 56 gainerakoekin, final 64renetan ekin diote jokoari, gero.
Hego Euskal Herriko lau herrialdeetatik etorri dira Ordiziara muslariak: Gipuzkoakoak 119 bikote (horietatik 70 Goierrikoak), Nafarroakoak 12, Bizkaikoak 4 eta Arabakoa bikote bat. Gasteiz, Tafalla, Hondarribia, Donostia, Iruñea… lau haizeetatik bildu da jendea. Herrika, bikote gehien Ordiziakoak bertakoak dira (24), ondoren Lazkaokoak (11) eta Beasaingoak (10). Nafarroako Sakanako herrietatik ere 10 bikotek eman dute izena; tartean Joseba Ezkurdia pilotaria. Lehen partidan kanporatu dute, ordea. Han da Ataungo Iratiz Zubizarreta pilotari eta muslari iaioa ere, bi partida irabazita, aurrerako.
272 muslarien artean, lau emakumezko bakarrik. “Gehiago etorri izan dira”, zioten antolatzaileek. Eta gaztea asko. “Duela urte batzuetatik hona, asko nabaritu da 30 urtez behekoen partaidetzan gorakada. Halako mus txapelketak hiltzera zihoazela ematen zuen, jubilatuak zirelako gehienak. Baina indarra hartu du berriro, gazteen aldetik ere”, zioen antolakuntzako kide batek.
Finalak jokatzerako eta txapeldunen izenak jakiterako, 22:00ak aldea izango da. Bien bitartean, musaren katedrala (eta katedradunak), gaur, Mustuntzan.