Ion Izagirrek esku-eskura dauka Valentziako Itzulia irabaztea
Laugarren etapa, itzuliko zailena eta menditsuena, galerarik gabe amaitu du Izagirrek. Etapan 4. egin du, Adam Yates irabazlearengandik 3 segundora helmugaratuz.
Denboraldiko lehenengo lasterketa ofiziala irabazteko pauso bakarrera dago Ion Izagirre ormaiztegiarra (Astana). Neguko prestakuntzarekin erdiz erdi asmatu du, lehiaketara sasoi puntu gorenean iristeko. Valentziako 70. Itzulian parte hartzen ari da, asteazkenaz geroztik. Gaur 4. etapa jokatu da Vila-real eta Alcala-Alcossebre artean (188 km). Itzuliko gogorrena eta menditsua. Itzuliko liderraren elastiko horia soineratu du Izagirrek, Edvald Boasson Hagen norvegiarraren zelatan bigarren postutik hasierako erlojupekotik egon ondoren.
Etapa Adam Yates australiarrak (Mitchelton-Scott) irabazi du (4:54:58). Alcala-Alcossebre gainean bera izan da indartsuena; Alejandro Valverde (Movistar) eta Pello Bilbao (Astana) sartu dira bigarren eta hirugarren. Ion Izagirrek 4. postua lortu du, 3 segundora. Boasson Hagen 2 kilometroren faltan hustuta geratu da, eta mailot horia eta itzulia ormaiztegiarraren esku geratu dira.
Kazajstango Astana taldearekin lehenengo etapa ofizialak korritzen ari da Ion Izagirre (Gorka oraindik ez da estreinatu aurten). Orihuelako aitzinetapan jada Valentziako Itzulia irabazteko dohaina erakutsi zuen, 2. eginda. Sailkapen nagusian ez da bigarren lekutik mugitu, harrezkero. Gaur arte. Une erabakigarrian, indartsu azaldu da.
Bihar, igandea, Paternatik Valentzia hirira 88,5 kilometroko etapa erabat laua izango dute. Izagirrek, zoritxarrik ez badu, profesionaletako bigarren itzulia irabaziko du bihar, 2015eko Poloniako Itzulia baitu palmaresean orain arte.
4. Etaparen sailkapena (Vila-real – Alcala-Alcossebre, 188 km; 2019-2-9):
1.Adam Yatses, 4:54:27
2.Alejandro Valverde, d.b.
3. Pello Bilbao, 2ra
4.Ion Izagirre, 2ra
5.Dan Martin, 4ra
Sailkapen nagusia (2019-2-9):
1.Ion Izagirre (Astana), 14:18:27
2.Alejandro Valverde (Movistar), 7 segundora
3. Pello Bilbao (Astana), 7ra
4.Dan Martin (UAE), 16ra
5.Dylan Teuns (Bahrain-Merida), 18ra
6.Jesus Herrada (Cofidis), 29ra
7.Jack Haig (Mitch.-Scott), 33ra
8.Adam Yates (Mitch.-Scott), 34ra
9. Edvald Boasson Hagen (Dimension Data), 46ra
10.Rui Costa (UAE), 48ra