Jaiotetxeko sehaskara itzulita borobildu dute bidaia Joxan Artze semeak eta Benita Agirre amak
Oroigarri-plaka bat desestali dute Erroiondozar baserriaren atarian, Ataunikerrek jarria. Andoni Salamerok eta Carmen Esteban alargunak hitz batzuk esan dituzte
Duela urtebete itzali zen Joxan Artze Agirre poetaren (Usurbil, 1939 –2018) bizitzako bidaia. Baina, haren lanekin eta ekarpenekin ahaztu gabe, gogoratzen jarraitzen dute oraindik. Ataunen, gaur eguerdian, omenaldia jaso dute Artze zenak eta haren ama Benita Agirrek. Amaren jaiotetxe Erroiondozar baserriaren atarian, Aia auzoan, familiarteko, lagun eta jarraitzaile saldo bat bildu da, eguerdian. Atauniker kultur elkarteak oroigarri-plaka jarri du atarian, Artzeren ataundar jatorria oroituz hasi da ekitaldi xumea.
Jexux Aizpuruak sarrerako hitz batzuk esandakoan, Artzeren olerkigintzarako inspirazio iturri nagusi bat ekarri ditu hizpidera: natura. Bi erreka emaritsuren ur-hotsa hondotik entzuten zen bitartean, Erroiondozarren barrenean bat egiten baitute Agauntzak eta Aia-Iturrietak. Artzeren ama Benita Agirre, Erroiondozarren jaio zela, gaztetan neskame alde egin zuela, eta Usurbilen ezkondu eta familia izan zuela kontatu du Aizpuruak.
Andoni Salamero poeta zumarragarra arduratu da okasioak eskatzen zuen olerkia irakurtzeaz. Artzeren beraren liburutik, ama eta espiritualtasuna (Artzeren literaturan gai errekurrenteak biak ere) uztartzen dituen ale bat leitu du. Carmen Esteban alargunak eta Ataunikerreko kide Joxerramun Munduatek desestali dute ondoren plaka. 1973an Artzek idatzitako Ama hil zaigu olerkia transkribatu dute altzairuzko oroitidazkian. Hitz batzuk ere esan ditu Estebanek ondoren, euskaraz, senar zenaren gomutan.
Ekitaldi xumea, Artzek idatzi eta Mikel Laboak musikatutako Txoriak txori ahots gora denen artean abestuz bukatu da. Aia auzoko Haitzarri elkartera arrimatu dira gero omenaldikoak, mokadutxoa egitera.