Asier Otegi eta Ander Biguri ordiziarrek Costa Blanca Bike Rice proban seigarren egin dute
Valentzian jokatzen den Costa Blanca Bike Rice lasterketan parte hartu dute BTTlandia Goierri taldeko Asier Otegi eta Ander Biguri ordiziarrek. Binaka jokatzen da eta 40-60 kilometro arteko lau etapa ditu.
Otsailaren lehen asteburuan bosgarren Costa Blanca Bike Rice lasterketa jokatu zuten Valentzian, Benidormetik gertu eta bertan izan ziren BTTlandia Goierri taldeko Asier Otegi eta Ander Biguri ordiziarrak. Ederki moldatu ziren txirrindulari goierritarrak, seigarren postuan bukatu baizuten proba.
Valentzian jokatutakoa, 40 eta 60 kilometro arteko lau etapatan banatuta dagoen lasterketa da. Gainera badu beste berezitasun bat, izan ere bikoteka jokatzen den proba da. Parte hartzen duten bikoteen artean gainera ezin du bi minutuko aldea baino gehiago egon, bestela penalizazioa ezartzen zaie. Horrek, bi txirrindularien arteko elkarlana eta konexioa behar-beharrezkoak dira.
Egin beharreko lau etapei dagokienez, oso teknikoak eta fisikoki oso exijenteak dira. Lehenengoa Finestrat herrian egin zuten. 45 kilometro eta 1.600 metroko igoera metatua zituen. bigarrena Altea-Gelada mendizerran. 15 kilometro eta 600 metroko igoera metatua. Hirugarrena berriz, Polop herrian jokatu zen. 40 kilometro egin behar izan zituzten egun horretan eta 1.600 metroko igoera metatua izan zuten. Laugarrena eta azkena, Benidorm eta La Vila Joiosa batzen zituen. Guztietan luzeena hauxe izan zen; 57 kilometro eta 1.400 metroko igoera metatua.
Txirrindulari ordiziarrek adierazi dutenez, “esperientzia oso aberasgarria izan da eta etxera oso gustura itzuli” dira. Hurrengo erronkak, etxetik gertuago jokatuko dituzte.