Iztueta baserria ezagutzeko bisita irekia egingo dute igandean
Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta, Lazkaomendiko Iztueta baserria ezagutzeko bisita egingo dute igandean. Nondik dator esnea? lemapean, larreak, ikuilua, behiak eta esnetegia ezagutu ahal izango dira, eta Iztueta baserrikoek, esnegintzaren prozesua azalduko dute. Bertako produktuak probatzeko aukera ere izango dute parte hartzen duten familiek.
Hitzordua igande goizerako (hilak 17) egin dute. Bisita 11:00etan hasiko da eta bi orduko iraupena izango du. Parte hartzeko, ezinbestekoa da aurrez izena ematea, bisitari kopurua mugatua baita. Horretarako, Aralarko Parketxera deitu (943 18 03 35 / 688 895 069) edo mezu bat bidali behar da barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera. Helduen sarrerak 8 euro balio du, eta umeenak (3-12 urte artean) 5 euro.