Balear Uharteetako eta Goierriko hondakin kudeaketak elkarbanatu dituzte EH Bilduk eta Mes-ek
Sebastia Sanso i Jaume Balear Uharteetako Gobernuko Hondakinen zuzendari nagusia Goierrin izan da, gaur goizean. Itsasondoko konposgune komunitarioa ikusi du goizean, eta Goierriko EH Bilduko alkate batzuekin Zaldibian egon da ondoren. Bi guneetako hondakin bilketaren eta kudeaketaren esperientziak trukatu dituzte. Baleareetan onartu berri duten Hondakinen Lege berriaren garrantzia nabarmendu dute, hondakinak gutxitzeko sorkuntzan arreta jartzen duena.
Duela bi aste onartu zuen Balear Uharteetako Parlamentuak hondakinen lege berria. “Aitzindaria eta Europa guztian berritzailea” dela nabarmendu du EH Bilduren Gipuzkaoko batzarkide Iban Asenjok. Arreta nagusia hondakinak ez sortzean jartzen du legeak: erabilera bakarreko tresnak, plastikoak eta monodosiak, adibidez, murriztaraziko ditu legeak, ondoren hondakin kopuru gutxiago izan dadin. Sebastia Sasnso i Jaume Ingurumen Heziekta, Ingurumen Kalitate eta Hondakinen zuzendari nagusiak eman dizkie azalpenak.
EH Bilduk gonbidatuta etorri da Euskal Herrira. Atzo, Donostian, GuraSOSek antolaturiko mahai-inguruan parte hartu zuen, Greenpeacerekin batera. Gaur, 12:30ean, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du, koalizioak eskatuta. Gipuzkoako Batzar Nagusietan hitz egiteko eskaera ere egin zuen EH Bilduk; “baina PNVk eta PSOEk atzera bota zuten, eta egin ahal izan gabe geratu ginen”, azaldu du Asenjok.
Lehenbizi, gaur goizean Itsasondon konpostagune komunitarioa ikusten izan dira Sanso eta Goierriko EH Bilduko alkate batzuk. Ondoren, Zaldibiako Zelaan, esperientziak trukatu dituzte. Legorretako alkate Zelai Amenabarro eta zinegotzi Iñigo Lasa, Zaldibiako zinegotzi Eztitxu Mujika, Segurako alkate Eñatu Telleria, Iban Asenjo batzarkide ordiziarra, eta Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakari eta Adunako alkate Josu Amilibia batu dira juntadizora.
ELKARRIZKETA
Sebastia Sanso i Jaume
Belar Uharteeetako Gobernuko Hondakinen zuzendari nagusia
–Atzo iritsi zinen Euskal Herrira. Zer helbururekin?
Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean hondakinen lege berria azaltzeko gonbidatu naute. Orain dela bi aste onartu genuen Baleareetako Parlamentuan. Bisita baliatuz, atzo GuraSOSek antolaturiko mahai-inguruan parte hartu nuen, Greenpeacerekin batera, hondakinen arazoaz eta legearen neurriez eztabaidatzeko, baita errauste plantez han dugun ikuspegia azaltzeko ere, hondakinen kudeaketa baldintza baitezake.
–Asko kosta zaizue Hondakinen Legea adostea, lehenik klase politikoaren artean, eta ondoren gizarteratzean?
Tira, kostatu da, baina prozesu luzea izan denez, plastikoaren arazoarekin kontzientzia-aldaketa bat izan denez bitartean, legearen tramitazioaren paraleloan kontzientzia igotzen joatea eragin du. Hiru urteko lana izan da legea. Zaila izan da, antzeko legediarik ez dugulako aurkitu inon. Sozialki babes handia jaso dugu, eta Per un mar sense plastic (“Plastikorik gabeko itsasoa”) plataforma sortu da, elkarte ekologistekin eta beste arlo batzuetakoekin.
–Zer harrera izan du gizartean?
Enpresaritza-sektoreren bat aurkakoa zela ikusi dugu, baina beste batzuk gurdira igo dira. Legea onartu aurretik neurriak hartu dituzte batzuek. Hotel kate mallorkar handiek (mundu guztiak dauzkate hotelak) erabilera bakarreko plastikoak kendu dituzte logeletatik, adibidez. Horrek ingurumen inpaktu positibo handia eragiten du. Edo supermerkatuak plastiko-poltsak erretiratzen ari dira. Edo Baleareetatik Bartzelonara edo Valentziara bidaiatzen duten itsasontzietan plastikozko edalontziak eta lastoak kendu dituzte. Hori guztia, legearen tramitazioaren paraleloan. Poztu gaitu. Legea Balear Uharteetako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko zain gaude orain, artikulu guztiak indarrean sar daitezen, eta benetan, sortzen dugun hondakin kopurua jaits dezagun, bereziki plastikoena.
–Zer berritasun ekarriko du lege horrek Balear Uharteetan?
Garrantzitsuena hondakin kopurua murriztea da, eta prebentzioa. Bestela, ingurumen kolapsora goaz zuzenean. Gehiago han, irlak izanik, lurraldez ere oso mugatuta gaudelako. Jarduera turistikoa ere badaukagula gehituz gero, batura hori kontuan izatea eta ausardia handiz heltzea komeni da. Bestela, jasanezina da.
–Balear Uharteetatik jarraitzen duzue Gipuzkoako polemika hondakinen gaian? Kanpotik, nola ikusten duzue hemengo egoera?
Alde batetik, tristuraz. Atez atekoarekin zegoen proposamena, teknikoki, dagoenik eraginkorrena eta egokiena da. Gero, osatu liteke, beste sistema batekin edo edukiontzi adimendunekin. Baina, lehenengotik, sistema hori behar duzu. Bestetik, harrituta, Balear Uharteetan atez ateko bilketa gero eta zabalduago dagoelako, eta geroz eta herri gehiagotan ari direlako jartzen. Herri handietan ere bai. Inca herrian, adibidez [Mallorcan, 32.100 bizilagun], gune historikoan eta urbanistikoki posible zen auzoetan jarri dute atez atekoa. Han atez atekoak ez dauka kolore politikorik, era guztietako gobernuek jartzen dute: PPk, Mes-ek, PSIB-PSOEk, PI erregionalista zentro-eskuinekoak… Azken batean, eraginkorra denez, efizientea eta udalentzat (beraz biztanleentzat) onurazko ondorio ekonomikoa duenez, ez da debateko gai. Haren beharra eta eraginkortasuna inork ez du zalantzan jartzen. Horregatik, harrituta eta ulertu ezinik ikusten dugu Gipuzkoan gertatu dena, teknikoki hain argi dagoen kontu bat nola irits litekeen arma politiko gisa erabiltzera.