Familia bat han, bestea hemen
Legazpiko Guridi-Zubillaga familiak iazko udan Nura neskatila sahararra etxean hartu zuen Oporrak Bakean egitasmoaren barruan. Aurten Nura berriro etorriko da. Dagoeneko hasi da harrera familiak bilatzeko kanpaina.
Uxue Guridik (Legazpi, 2007) sahararren kanpalekutik iritsitako lepokoa darama zintzilik. Nura haur sahararrak iazko udan ekarritako oparia da. Legazpiko Guridi-Zubillaga familiak etxean hartu zuen Nura. Oporrak Bakean egitasmoan parte hartzen zuten lehenengo urtea zen eta aurten errepikatuko dute. Nura hartuko dute berriro Legazpiko etxean.
Uxue Guridik eta Estitxu Zubillaga amak (Legazpi, 1976) iazko esperientziaren nondik norakoa kontatu dute. Hasteko, Zubillagak haurra etxean hartzeko pausoa nolatan eman zuten azaldu du, «nik beti izan dut halako sentsibilitatea eta gogoa ere bai. Udan ez dut lanik egiten eta baldintza aldetik haur saharar bat etxean hartzeko aukera bagenuen. Gure umeak, gainera, koskortzen ari dira eta horrek ere lagundu zuen erabakia hartzerakoan». Nolanahi ere, Uxue alabak eman zuen lehenengo urratsa, «egun batean udal liburutegitik etorri zen txartel bat eskuetan. Oporrak Bakean egitasmoari buruzkoa zen».
Uxue Guridik etxekoak animatu zituen, gero Zubillagak bikotekidearekin hitz egin eta aproba egiteko prest agertu ziren biak. «Uxue ez zuten udalekuetan hartu eta horrek ere lagundu zigun», dio amak.
Hasieran zalantzaz beteta zeudela onartu du, «Interneten begiratzeko akatsa egin genuen. Akatsa diot, ez baitakit oso ohitura ona den informazio bila Internetera joatea». Edozein kasutan, gogoa bazuten eta zalantzarekin geratu baino, aurrera egiteko hautua egin zuten.
Egokitzapena
Nurak 11 urte beteko ditu datorren igandean. Uxue Guridik euren etxera iritsi zeneko eguna gogoratu du: «Lehenengo dutxatu egin zen. Belarriko minez iritsi zen eta medikuarengana eraman genuen. Bere amari deitu zion eta gauean, oheratzeko orduan, negar eta negar egin zuen». Logela berean egin zuten lo uda osoan. Lehenengo gau hartan kontsolatzeko modurik ez zuten izan eta azkenerako bi neskatilak negar batean aritu ziren. Gerora, oporretan joan zirenean erlaxatu egin zen Nura eta familiara egokitu zen.
Uxuerentzat ahizpa izan zen Nura. Ahizpa da neurri batean, orain komunikazio bizia dutelako nahiz eta Nura Aljeriako sahararren kanpalekuetan egon. Poliki-poliki komunikazio jarioa hobetuz joan zen eta horrek asko lagundu zion egokitzapenean. «Denbora guztia nirekin egin zuen, kuadrillan ateratzen ginen eta gure ama inguruan egoten zen beti. Euskara pixka bat ikasi zuen eta bizikletan ibiltzen ere bai. Ez zekien igeri egiten, baina ikasi zuen».
Egokitzapenaz mintzo dira, aitzitik egokitzapen hori bi norabideetakoa izan zela jakin badakite. Familiarena Nurarekiko eta Nurarena familiarekiko. «Gure ohituretara moldatu beharra izan zuen Nurak, gure hizkuntzara, familiaren funtzionamendura… Gu ere bere behar izanetara ohitu ginen, bere nortasunera», dio Zubillagak.
Zintzoak dira. Esperientzia gogorra izan zen, baina pasarte zein bizipen eder asko utzi dizkie. «Gure familia sendotu egin da, guztien arteko harremanak nahiz bakoitzarena bestearekiko. Batzuetan ezin duzu bakarrik eta bestearen laguntza zein babesa behar dituzu derrigor, hor egon gara denok eta ederra izan da».
Gozoa gailendu da
Familia udako oporretan kanpora atera zen eta egokitzapena gauzatu zen nonbait. Orduan, «onenean» zeudenean Nura kanpalekuetara itzultzeko garaia iritsi zen. Hartu-eman estua izan dute tarte honetan guztian eta Nura Legazpira bueltatuko da datorren udan. «Aurten esperientzia errepikatuko dugu eta Nura gure familiak soilik ez, lagunarteak eta Uxueren kuadrillak har dezala nahiko genuke. Alegia, hemengo gure munduan autonomia irabaz dezala nahi dugu», adierazi du Estitxu Zubillagak.
Hare Haizeako kideek kudeatzen dute Goierri garaian Oporrak Bakean proiektua. Honezkero badakite iaz bailarara iritsitako lau haur sahararrak itzuliko direla, tartean, Nura. Alabaina, aurtengo egitasmoaren erronka hiru euskal lurradeetan ehun harrera familia berri aurkitzea da. Interesa edo jakin-mina dutenek honako telefonoetara dei dezakete: Lourdes (693 101 057) edo Mari Mar (657 793 235).
Uxue Guridik eta Estitxu Zubillagak ez diote Nura haur sahararra etxean hartzea erraza izan zenik, baina balantzan esperientziak onetik utzi die gehien. Hainbesteraino, ezen aurtengo udan errepikatuko dutela. Zubillagak dioenez, «familiari ekarri dion onuraz harago, hango egoeraz ikasteko aukera eman digu. Haurron harrera dimentsio asko dituen ekintza da».