Goierri Telebista, 15 urte piztuta
Goierri Irrati Telebistak urtarrilaren 7an bete zituen hamabost urte. Digitalizazioan erabat murgilduta, ikus-entzunezko baliabide guztietara heltzea du orain erronka.
Telebistaren digitalizazioaz artean inork hitz egiten ez zuenean, zuntz bidez zabaldu zituen lehenengo irudiak Goierri Telebistak, 2003ko irailean. Euskaltel hasi berria zen kabletik telebista eskaintzen, eta haren plataformatik azaldu zuen burua, lehenengo aldiz. 2004ko urtarrilaren 7an, berriz, Usurbeko antenatik uhin analogiko bidez Goierrira zabaldu zen. Benetako jaiotzatzat bigarren hori har daiteke. 15 urte bete ditu emisioak, beraz.
Lehenengo tokiko telebista izan zen GITB, eskualdearen behealdean. Hiru langilerekin — Jon Aldanondo, Nuria Perez eta Oihana Sarasola— ekin zion bideari, Beasaingo Senpere merkataritza-guneko 25 metroko bulego batean. Goierriko informaziorako eta aisialdirako programak ekoiztea eta emititzea hartu zituen helburutzat, eta horretan dihardu harrezkero, Ordiziako Mallutz industrialdeko 27. zenbakiko egoitzatik.
Beste eskualdeetara zabaltzea izan zen hurrengo urratsa. 2007an, Tolosaldeko 28 Kanala eta Urola Kostako Erlo Telebista sortu zituzten. Hiru kateak kudeatzeko, Infosare komunikazio taldea ere eratu zuten. Gaur egun, Bizkaiko Oizmendi Telebista ere kudeatzen dute. Infosareren administrazioa eta marketin-irudi arloa eramaten dituzte Goierritik, bi langilek.
Digitalizazioa, 2009an
Hurrengo erronka handia 2009an iritsi zen, LTD Lurreko Telebista Digitala berrantolatzeko lege-eskakizuna iritsi zenean. Lizentzia lortu, eta digitalki emititzeko birmoldaketa sakona burutu zuen Goierri Telebistak.
Aldaketa gehiago ere izan ditu: gaur egungo egoitzara aldatu ziren 2009ko urtarrilean, eta Goierri Irratiaren proiektua ere orduantxe hasi zuten, Mikel Alvarez kazetaria esatari lanean zela. Hamar urte bete ditu irratiak, horrenbestez. Etorkizun hurbilean proiektu batekin sendotu nahi dute, eduki gehiagorekin elikatuta.
Goierri Irrati Telebistak bederatzi laguneko lantaldea dauka, gaur egun. Lau orduko programazio-blokea emititzen du telebistarako. «Blokea aldagarria da, eta berritu egiten dugu. Etengabeko emisioan dago», azaldu du Jon Aldanondo zuzendariak.
Astean zehar, «10 bat orduko ekoizpen propioa» dauka Goierri Telebistak. Beste horrenbeste Tokikom-etik (euskarazko tokiko telebisten elkartea) datorkio.
Lankidetza horretan, Goierri Telebistak Euskal Herri osoko toki telebistetarako ere ekoitzi duen programa bat desagertu egingo da. «Gastronomiari buruzko On egin saioa grabatzeari utziko diogu, zortzi urteren ondoren. Adin bera daukan Ikusi irratia elkarrizketa-saioa ere utziko dugu», dio Nuria Perez publizitate arduradunak.
Telebistan joera aldaketak
Telebistaren sektorean aurreikusten —eta jada sumatzen— diren kontsumo eta ohitura aldaketak dira desafio garrantzitsuenak, orain. Horiei nola heldu pentsatzen ari dira Goierri Telebistan. «Telebista ez, baizik ikus-entzunezko kontzeptua daukagu buruan jada. Telebista adar bat soilik izango da, beste baliabide askoren artean bat gehiago», dio Aldanondok.
Hala, erdian ikus-entzunezkoa jarrita, edukiak gailu eta zerbitzu desberdinetara bideratzea izango da estrategia: webgunerako (gitb.eus), sare sozialetarako, sakelako telefonoetarako… Eta, nola ez, telebistarako.
Egoitza aldaketa, zintak digitaltzea eta saio bat opari
Goierri Irrati Telebistak ez dauka asmorik festarik edo ospakizun berezirik egitekorik, 15. urteurrenaren harira. Barruan, ordea, aldaketa dezente izango dituzte. Pantailan ere nabarituko da, bestetik.
Egoitza aldaketa izango du zeregin lantsuenetako bat, aurki. Goiekik oraintsu arte eduki dituen bulegoetara aldatuko da, Mallutz industrialdean bertako 18. pabiloira. Obrak hasita dituzte, eta martxoaren amaierarako espero dute leku berrian hastea. Erredakzio zabal bat, goiko solairuan plato bat, irratiaren emisio-txokoa, eta gailu elektronikoen gelatxoa egokituko dituzte.
Laugarren egoitza aldaketa du Goierri Telebistak. Senpere merkataritza-gunean hasi eta urtebete egon ondoren, Ordiziako Mallutzeko 18. pabiloira joan ziren gero. Gaur egungo bulegoetan (Mallutz, 29) hamar urte igaro ditu.
Bestetik, zinta analogikoetan grabatuta zegoen ikus-entzunezko edukia digitalizatzea izan da Goierri Irrati Telebistak 15. urtebetetzean bere buruari egin dion «oparia». Albistegien 400 zinta (7.000 albiste) eta kirolen 150 euskarri digitalera pasatu dituzte: 550 bat ordu, guztira. Saio berezien beste 200 zintarekin gauza bera egiteko asmoa dute.
Azkenik, 15 urteko Goierriko jendearen eta gizartearen aldaketa erakusteko, lehengo astean saio berezia hasi ziren emititzen: ‘Denbora da poligrafo bakarra’, Nagore Arozenak aurkeztua. Hilabeteka antolatuta, artxiboko irudiak, albisteak eta gertakarien korteak bildu dituzte, 2003tik 2010era artekoak. Urte osoan jarraituko dute, ostegunero 22:00etan.