Adostasunari baiezkoa
Datorren otsailaren 23an manifestazioa deitu dute Donostian, GuraSOSek eta Hitzartuk Foru Aldundia hondakinen inguruan egiten ari den kudeaketagatik. 17:00etan Antiguako tuneletik abiatuko da manifestazioa
Hondakinen kudeaketarekin kezkatuta, Adostasunari esan baietz lelora batzea da GuraSOS elkarteak eta Hitzartu prozesuak gizarteari eskatzen diotena. Zubietako erraustegiko lanak aurrera doaz eta horren aurrean, «gizartea esnatzea» da helburu nagusia.
Otsailaren 23an Donostiako kaleak «jendez betetzea» da Jose Mari Izeta Hitzartuko lehendakariaren nahia. Itsasondon egon da Izeta aste honetan. Izan ere, Goierritik ere, Itsasondoko Guraso Elkarteko kideen bitartez, mobilizazioekin bat egin eta «babes osoa» emateko deia egin diete herritarrei. «Arrazoi asko daude bat egiteko», adierazi du Aitor Garmendiak, Itsasondoko Guraso Elkarteko kideak, «ekonomikoak, demokratikoak… baina, batez ere, gu guztiak guraso gara eta gure haurren osasunak eta orokorrean gizartearen bizi kalitateak kezkatzen gaitu».
Hitzartu plana
Badira hiru urte GuraSOS Elkartea sortu zutela helburu garbi batekin: «Funtsa beti izan da gure haurren osasuna eta etorkizuna bermatzea». Baina hiru urteko ibilbidean «demokrazia ikuspegitik eta gizartea kontuan izatearen ikuspegitik, akats ikaragarriak daudela» salatu du Izetak. Gainera, «Foru Aldundiak, modu kontzientean kudeatu du hau guztia».
Gaiak sortutako kezkaz baliatuta, lanean jardun dute buru-belarri azken urteotan. Hala, GuraSOSek abian jarritako Hitzartu prozesuaren baitan, Gipuzkoako herritarrek, eragilek eta adituek landu eta diseinatu duten 2019-2030 urte arterako Gipuzkoako Udal Hondakinen Kudeaketa Plan Alternatiboa osatu dute, eta pasa den urtarrilaren hasieratik, foru agintarien esku dago.
«Demokraziaren eta gizartearen
ikuspegitik akats ikaragarriak daude»Jose Mari Izeta (GuraSos)
«Gu guztiak guraso gara eta gure
haurren osasunak kezkatzen gaitu»Aitor Garmendia (Itsasondoko gurasoa)
Foru Aldundiak «orain arte ez du egin beharreko plana egin», jakinarazi du Izetak. Horregatik, «herritarren bultzadarekin eta Hitzartu prozesuaren barruan, guk geuk egin dugu hondakinen kudeaketarako plana». Orain, «korrika eta presaka plana atera nahian dabil aldundia bere aldetik, beraz, momentu honetan bi plan daudela esan daiteke».
GuraSOSek eskatzen duena da bi planen artean bat egitea: «Adostasun batera iritsi behar dugula, ellkarrekin eseri behar dugula eta elkarrizketaren bitartez, hurrengo 13 urteetarako, plan bat egin behar dugula, hori da uste duguna». Baina Izetak esandakoaren arabera, «Aldundia momentu honetan ez dago horretan pentsatzen eta haiek egindako plana aterako dute aurrera». Hori horrela, «gure lana eta batez ere herritarrok egin ditugun ekarpen guztiak alde batera geldituko dira». Horregatik guztiagatik, datorren otsailaren 23rako manifestazio deialdia egin dute, « adostasuna eta elkarrizketa eskatuz, hurrengo 35 urtetarako gatazka konpontzeko aukera orain daukagulako, eta konpontzen saiatu behar dugulako».
Komunikazio kanpaina
Izetak esan duenez, «bada txosten konfidentzial bat hemengo hainbat enpresek Aldundiarentzat egindakoa». Txosten horretan, estrategia komunikatibo bat nola egin azaltzen da. Itsasondora egindako bisitan, txostenaren inguruan ere aritu da Izeta: «Oso gogorra da herritarrak modu pasibo batera eraman nahi dituztela irakurtzea».
Erraustegiaren gaiaren inguruan «komunikabideak neutralizatu nahi dituzte baita ere». Erraustegia ondo edo gaizki dagoen «gutxi inporta zaie». Une honetan «proiektua aurrera ateratzea eta herritarrak eta gu bezalako presio taldeak bazter batera uztea da duten kezka nagusia». Eta horren adibide garbia da erraustegiak osasunean eta ingurugiroan duen eraginen inguruan hitzegin nahi ez izatea. «Lotsagarria da».
2002. urtetik GEIS/OEIT mediku taldea hondakinen kudeaketa txarrak osasunean dituen eraginak aztertzen dituzten ikerketak jaso eta aztertzen ari da. Ikerketa hoirek diote «eragin mutajenoak eta minbizia sor daitezkeela, besteak beste, baina inoiz inork ez die mikrofono bat aurrean jarri».
Itsasondoko gurasoak
Itsasondon, guraso taldeak ere gai honekiko kezka adierazi du aspalditik, eta hainbat ekintza egin dituzte azken urteotan. GuraSOS elkartea sortu zenean, akanpada egin zuten, orain dela hiru urte, eta harrezkero, GuraSOSek abian jarritako ekimenetan parte hartzaile aktibo izan da, Babes Kutxak egin zituztenean bezala.