Ekintza sozialen gune ere bada Ordiziako feria
Tipulin berriak eta, begien gozagarri gisa, mimosa eta sahats adarrak ikusi dira azokan. Hileko bigarren asteazkena izanda, berriz, Goienetxe Fundaziokoak ere izan dira saltzen.
Goiz hotzarekin, 3 eta 8 gradu arteko giroan burutu ziren atzo feriako eginkizunak. Eta eguzkiak azken mo-
mentura arte ez zuen lortu lainoak zulatzea. Hotzari aurre egiteko sistemak martxan ikus zitezkeen izan berogailu, kartoiak zoruan… Baina batez ere, oinetako onekin eta ondo jantzita etortzea da eraginkorrena, hala ere ez beti nahikoa.
Eta hotzetik ondo babestuta eta batez ere zer edo zer berria eskaintzeak ematen duen pozak eraginda, lehen tomate landareak ekartzera animatu da Ibarrako Esther Illarramendi. «Oraindik oso goiz da, bai, baina negutegiak prestatuak dituztenak garai honetan hasten dira aldatzen. Eta hemen ere bistan jarriko banitu banaka batzuk salduko lirateke, estali eta toki goxotan babestuz ondo zaintzekotan, noski». Erronkatzat ere hartzen dute batzuk eginkizun hori, plastikozko botila landarea estaltzeko erabiliz, esate baterako.
Hotzari aurre egiteko indartsuagoak diren tipulinak agertu dira, buru txikidunak oraindik. Burua ez ezik, hostaje berdea ere jateko egokia dute. Euro batean zeukan hiruko sorta Baliarraingo Edurne Jauregik. Begien gozagarri eta garaiaren seinale, hori bizi koloreko mimosa adar loratuak (1,5 €) eta kotoi itxuratxo loretxoa duten sahats adarrak (3 €) ere salmahai berean ikusi zitezkeen.
Goienetxek 10 urtetik gora
Hamar urtetik gora dira Goienetxe Fundazioko lagunak feriara etortzen direla hilabetero, bigarren asteazkenean hain zuzen ere. Eguneko zentrora joan ohi diren adimen urritasuna dutenak izaten dira salmahaian, atzo Manoli, Mamen, Erkuden eta Eve, Pili eta Ainhoa lagun. Bolondresak eta familiakoak ere lagun izaten dituzte Ainhoa Martin arduradunak adierazi zuenez, «saltzeak baino garrantzi handiagoa du hemen jendearekin sortzen den hartu-emanak».
Bidezko merkataritzako produktuak eta beraiek egindako eskulanak dituzte salgai. Eguraldi txarra denean, plazan egon ordez Legazpi kalean duten denda irekitzen dute. Salmentak denborarekin urritu egin omen dira, eta baldintzak errazak ez diren arren ekimenak hamarkada bete du, noiz arte garbi ez badute ere.