Harremanak estutzeko zubia
Migrazioari buruzko proiektu bat abiarazi du Zumalakarregi Museoak. Erakusketa, gastronomia topaketa eta ikasleekin lantzeko gida didaktiko bat prestatu dituzte.
Familia batek baino gehiagok utzi behar izan du Ormaiztegi, hainbat arrazoi tarteko, eta kontrako bidea ere egin dute beste askok. Funtsean, edonor izan daiteke migratzaile. Horregatik, migrazioaren fenomenoa aztertu eta lantzeko proiektuari ekin dio Zumalakarregi museoak, herriko beste hainbat eragileren laguntzarekin. “Herritarren arteko berdintasuna ikusaraztea eta elkarren arteko harremanak estutzea da helburua”, azaldu du Mikel Alberdik, museoko langileak. Hiru adar ditu proiektuak: munduko hainbat jakiren ikastaro eta bazkari bat egitea, ikasleekin lantzeko gida didaktiko bat sortzea, eta erakusketa bat egitea.
Bihar egingo dute lehen ekitaldia: Munduko Sukaldeak. “Helburu soziala du ekintza horrek. Jendearentzat oso bortitza izan daiteke zuzenean joan eta ‘etorkina zarenez, zurekin hitz egin behar dugu’ esatea. Apurkaapurka egin behar dugu kidetze lan hori, eta mahai baten inguruan biltzea izan daiteke lehen urratsa”, adierazi du Eider Arruti Zumalakarregi museoko hezkuntza arduradunak. Harri zopa, kuskusa eta babarrunak gozoekin egiten ikasiko dute lehenengo, eta herri bazkaria egingo dute ondoren. “Portugalgo, Marokoko eta Dominikar Errepublikako ohiko jakiak dira horiek, eta Ormaiztegin bizi diren hango migratzaileak izango dira irakasleak”, gaineratu du Arrutik. Ormaiztegin, gutxi gorabehera, 25 herrialdetako jendea bizi dela aipatu dute antolatzaileek.
Helduez gain, 11-12 urteko haurrekin ere ari dira migrazioa lantzen. “Garrantzitsua da haurrekin lan egitea, arrazakeria eta pentsamendu negatibo asko xurgatzen baitute egunerokoan”, ohartarazi du Arrutik. Guztiok gara migratzaile izeneko gida didaktikoa sortu dute horretarako: “Ez da galdetegi bat, migrazioaren gaia lantzeko sortutako material didaktiko bat baizik. Modu irekian landu nahi genuen gaia, gogoeta eta eztabaida eragin nahi genuelako. Oso interesgarria izaten ari da lanketa, espero ez genituen ondorioak ateratzen ari garelako”.
“XIX. mendean puri-purian zegoen migrazioa, eta
gaur egungo errealitatearen oso antzekoa zen ordukoa”Mikel Alberdi (Zumalakarregi museoa)
“Haurrek arrazakeria eta pentsamendu
negatibo asko xurgatzen dute egunerokoan”Eider Arruti (Zumalakarregi museoko hezkuntza arduraduna)
Arrazakeria “hain fina eta normalizatua” denez, ia nabaritu ere ez dela egiten jabetu dira arduradunak. “Hemen jaio bai baina gurasoak etorkinak dituzten semealabek esaten zuten sekula ez dutela jasan arrazakeriarik. Baina lanketa egin ostean azaltzen dira, adibidez, azalaren koloreagatik tratu desberdina jaso duten egoerak”, dio Arrutik, eta gaineratu du ez dela adibide solte bat. “Bidaiari, eskale, immigrante, errefuxiatu, kanpotar, turista eta bisitari hitzak gizartean ikuskera onena duenetik txarrenera antolatzeko eskatu genien ikasleei. Eta ez zekiten zergatia, baina, oro har, hitzak berdin zerrendatu zituzten denek”.
Aurreiritzi horiek iraultzeko, ezinbestekotzat jo dute etorkinen egoera lehen pertsonan ezagutzea. “Arrazakeriatik aldendu eta gune neutral batetik pertsonak ezagutzeko, ikasleek herriko migratzaile bat elkarrizketatuko dute Guztiok gara migratzaile proiektuaren amaieran. Euren historiari buruz galdetuko diete, zergatik etorri diren Ormaiztegira, nolakoa izan den herriaren harrera…”. Etorkinak gertuagotik ezagutu nahi dituzte, pertsona horiek, funtsean, hobeto ezagutzeko.
XIX. mendeko errealitatea
“Maila ekonomikoarekin ere lotzen dugu etorkina; behartsua da etorkina”, hasi du azalpena Arrutik. “Diruarekin datorrenari ez diogu erreparatzen non jaiotakoa den, eta ez dugu desberdin tratatzen. Diruari eta jatorriari erreparatu gabe, denak berdinak garela erakutsi nahi dugu guk”. Proiektuaren bukaeran, ikasturte amaieran, erakusketa bat antolatuko dute egindako elkarrizketa guztiak herritarrei erakusteko.
Ez da izango erakusketa bakarra, XIX. mendean Euskal Herrian izan ziren migrazio fenomenoen inguruko erakusketa bat ere antolatuko dutelako irailean. “Zumalakarregi museoak beti lantzen ditu XIX. mendeko gaiak, eta migrazioaren inguruan egitea erabaki dugu oraingoan, bere garaian gaia puripurian egon zelako”, azaldu du Alberdik. “Erakusketa gaur egungo egoeraren ispilu izan dadin nahi dugu, bi mende igarota ere errealitatea nahiko antzekoa delako”. EHUko Soziologia sailarekin eta Immigrazioaren Euskal Behatokiarekin elkarlanean ari dira prestatzen erakusketa.
Joanetorri askokoa izan zen XIX. mendea. “Karlistaldiak ditugu, batetik; gerraren eraginez kanpora joan behar izan zuten askok. Gerra hori amaitzean, jazarpen politikoagatik erbesteratuak ere izan ziren. Eta, azkenik, industrializazioaren eraginez, jende asko etorri zen Goierri ingurura, Extremadura eta Andaluzia aldetik [Espainia], bereziki”, xehatu du Alberdik.
XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran sortu ziren Irizar, CAF eta beste hainbat enpresa, eta garai horretakoa da Ormaiztegi zeharkatzen duen MadrilHendaia trenbidea ere 1863an eraiki zuten Ormaiztegiko zubia—. Horrek nabarmen erraztu zuen migrazioa. Ordutik, jendearen joan-etorriek ez dute izan geldiunerik, baina batzuen eta besteen hartu-emana ezin izan da egonkortu. Bideari ekin diote ormaiztegiarrek.