Joxemartin Apalategi zena omenduko dute Ataunen, hartaz 4 produktu ekoitzita
Antropologo ataundarrak idatzitako ‘Barandiaran eta biok’ liburua atondu dute; dokumental bat eta eskultura ere egin diote. Ikerketa beka deitu du berriz udalak .Omenaldia, jai eguerdian
Otsailaren 8an 13 urte bete ziren Joxemartin Apalategi Begiristain antropologo ataundarra (Ataun, 1949 – Bilbo, 2006) hil zela. Ataungo etnografo eskolaren jarraitzaile izan zen, bai zaletasunez, bai ikasketaz. Apalategiren oroimenean, omenaldia egingo diote igandean Ataunen (Herri Antzokian, 12:00etan), eta haren inguruan prestaturiko lau produktu aurkeztuko dituzte.
Ikus-entzunezko, liburu eta eskultura bana ekoitzi dituzte, Joxemartin Apalategiren ohoretan. Iban Toledo zuzendari ordiziarrak 14 minutuko dokumentala egin du, «Apalategi zein zen azaltzeko». Paulo Iztuetak, berriz, Joxemiel Barandiaran eta biok liburua atondu du, Apalategiren beraren testuak oinarri hartuta. Jokin Apalategi anaiak idatzi du hitzaurrea, eta Jaione Apalategi arrebak hitzatzea.
Utriusque Vasconiae argitaletxeak eta Ataungo Udalak argitaratu dute. Datorren astean (otsailak 18-22), udaletxean salduko dute, 5 euroan.
Mikel Lertxundi eskultoreak, azkenik, Joxemartin Apalategiren bustu bat eta erretratu bat egin ditu. Produktu guztiak etziko ekitaldian aurkeztuko dituzte. Eate abesbatzak eta Otsoak dantza taldeak ere parte hartuko dute, eta mokadua izango da.
Bekaren bigarren deialdia
Udalak, bestetik, iaz atera zuen Joxemartin Apalategi Ikerketa Beka. Argitu ez dituzten arrazoiengatik, bertan behera geratu zen. Orain, omenaldia baliatuz, bigarren deia egin dute. Ikergaia lehengo bera da: Ataungo emakumeak. Historian zehar, Ataunen emakumeak izan duen eta daukan presentzia, ezaugarriak eta garrantzia ikertu behar dira.
Proiektuaren memoria (15 orrialdekoa) aurkezteko epea apirilaren 30era arte da, eta udaletxean entregatu behar da. Bekak 10.000 euroko diru-hornikuntza izango du, eta lana burutzeko 18 hilabeteko denbora izango du bekadunak.