Barrikote Festa egingo dute martxoaren 9an Igartubeiti baserrian
Baserriko dolareean zapaldutako sagarrek emandako sagardoa probatu ahal izango da. Lantegiak, bisita gidatuak eta photocall-a ere antolatu dituzte, besteak beste.
Ezkioko Igartubeiti Baserrian Barrikote Festa martxoaren 9an egingo dute. Barrikote irekiera egingo dute eta baserriko dolarean zapaldutako sagarrek emandako sagardoa dastatzera emango dute. Festa eguna oparoa izango da ekintza ugari antolatu baitituzte. Lantegiak, bisita gidatuak, Photocall-a eta abar.
Barrikote Festaren barruan Jardunaldi Gastrokulturala egingo dute. 16:30ean Sagar goxoa egiteko lantegia izango da Arantxa Agirre artisauaren eskutik eta Bertatik Bertarako ekoizleek eskainita zentzumenen gastronomia-lantegia egingo dute. 18:00etan, trikiti doinu artean Barrikote irekiera izango da Igartubeitin. Festa amaieran Bertatik Bertarako saskiaren zozketa egingo dute eta Klima aldaketa eta emakumeak gaiari lotutako Photocall-a izango da, Agenda 21ek sustatuta, Uggasa garapen agentziaren babesarekin.
Joareak eta gailetak
Martxoa, haatik, oparoagoa izango da. Martxoaren 2an, inauteri sasoi betean, Joaldunei buruzko lantegia egingo dute non joare doinuaz gozatuko duten. 4 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako tailerra da. Martxoaren 16an arto irinarekin gailetak egiteko lantegia dago eta martxoaren 31n lihoa ardatz izango duen bizipen-lantegia egingo dute. Izena emateko Igartubeitira idatzi daiteke (igartubeiti@gipuzkoa.eus) edo deitu (943 72 29 78).