Europako Iñauteriak aztertzen dituen 'Taming Winter' filma, Lazkaon
Europako inauteri herrikoiek hartzarekin duten lotura aztertzen du Italiatik datorren dokumentalak. Euskal Herri mailako estreinaldia izango da Lazkaokoa.
Euskal Herri mailako estreinaldi baten lekuko izango da Lazkaoko Areria Antzokia, otsailaren 26an. Europako inauteri tradizionalak aztertzen dituen Taming Winter film dokumentala eskainiko dute. Harekin batera, Irrintziaren inguruan egindako Erraiak dokumentala ere emango dute. Bi filmeen emanaldia, 20:15ean izango da, Areria antzokian.
Andrea Arena eta Nicola Imoli italiarrek zuzendutako lana da Taming Winter, eta Europako hainbat inauterik hartzarekin eta neguarekin duten lotura aztertzen du. Urbiano Hartza (Italia), Sardiniako Mamuthoneak, Bruneck-eko Krampusa (Hego Tirol) eta Ituren eta Zubietako joaldunak agertzen dira, besteak beste, dokumentalean. Hainbat adituren azalpenak eta tokian tokiko testigantzak ere jaso dituzte.