Kanpoko igerilekua udarako prest egongo dela esan du udalak
Majori kiroldegiko obren lehen fasean, eraikina goitik behera lotuko duen eskaileraren estruktura egiten ari dira. Kuboko lanak martxoan hasiko dituzte.
Majori kiroldegia berritzeko obrak aurrera doaz, eta horren harira, hainbat argibide eman ditu udalak. Une honetan, lehenengo fasearen hasierako lanak egiten ari dira. Kanpoko igerilekuko belardian ari dira lanean, eremu horri dagozkion lanak lehenbailehen bukatu eta udari begira, igerilekuko zelaia erabiltzaileentzat prest eduki ahal izateko. Azken egunotan gai horren inguruan hainbat zalantza sortu badira ere, epe laburrean, Majori kiroldegia goitik behera lotuko duen eskaileraren estruktura egin eta gero, belardia prestatzeko lanak hasiko dituztela jakinarazi dute, horrela, udan erabilgarri egongo dela.
Atletismo pista eta kuboa
Horrez gain, atzotik, atletismoko pista eta kiroldegia lotzen dituen kuboko igarobidea itxita dago, urrira arte. Arratsaldetan, Altamirako eraikina irekita dagoenez, pistara sarrera bertatik egin beharko da.
Goizetan, 09:00etatik 16:15era, tabernara eta harmailetara igotzeko kanpoko eskaileratan dagoen atea zabalduko dute eta atletismoko pistako kontra-metako aldean, hiru kale egongo dira erabilgarri.
Azkenik, martxoaren 4an hasiko dituzte kuboko lanak eta urrira arte ez da erabilgarri egongo; bertan egiten diren jarduerak beste espazio batzuetara bideratuko dira.