Sei ekintzaile berri atxikitu dira Ordizia Zabalik egitasmora azken urtean
Ekintzailetasuna bultzatzeko laguntza programan 37 lagunek parte hartu dute 2013tik hona; horietatik 6 iazko urtean zehar batu dira.
Sei ekintzaile berri atxikitu dira Ordizia zabalik diru-laguntza programaren bosgarren deialdira 2018. urtean eta dagoeneko 37 ekintzaile dira programa honen bitartez laguntzak lortzeko aukera izan dutenak. 2019ra begira, egitasmoa indarrean mantentzea da Ordizian elkartearen asmoa.
Lehen edizioa 2013an aurkeztu eta hurrengo urteetan jarraipena eman ondoren, abenduan itxi zuten egitasmoaren bosgarren edizioa, sei ekintzaile berri gehiagorekin. Ekintzaile hoiek, diru laguntza jasotzen ari dira, 2018ko ekainetik atzeraeraginezko izaerarekin eta bi urteetan zehar lokal komertzialen aloikairuko gastuari aurre egiteko baliagarria den diru laguntza hau jasotzeko aukera izango dute. Lehenengo urtean %40a (hilean gehienez 400 euro) finantzatuko du udalak eta bigarren urtean %25 (hilean 250 euro gehienez). Bosgarren deialdirako bideratutako aurrekontua 46.000 eurokoa da.
Laguntza jasotzen ari diren establezimenduen artean emakume eta gizonezkoen arropa dendak, ile apaindegiak, hezkuntza akademiak eta ostalaritza establezimenduak daude.
2019rako egitasmoa
Ordiziako merkataritza bulegoak 2019an programa honi jarraipena emateko erabakia hartua du. Ekintzaile berriei ez ezik, aurretik martxan dauden merkatariei laguntza emateko asmoa ere badu.