Itxaropen kaleko igogailua farmaziatik edo Apatxotik egitea aztertzen ari dira
Aurtengo inbertsiorik pisutsuena igogailuarena izango da, diru kopuruari dagokionez. Udal gobernuak aurrekontuak atalez atal azaldu ditu gobernantza irekiaren ildotik.
Legazpiko udal gobernuak, azken urteotan egin bezala, oraingoan ere aurrekontuak atalez atal azaldu ditu. Azalpena egiteko trenaren irudia erabili dute: lokomotora gobernantza da eta hari lotuta doaz hiritartasuna, lurraldea eta antolaketa sailak, bakoitza dagokion aurrekontu atalarekin. Aurretik, batez ere aurrekontuak onartu zituzten abenduko osoko bilkuran, aletu zituzten 2019rako diru aurreikuspenak. Oraingoan, ordea, xehetasunak eman dituzte. Esate baterako, lurralde atalean egingo dituzten obra guztien artean Itxaropen auzoa eta Aizkorri kalea lotuko dituen igogailuarena da aurrekontu handiena duena (140.000 euro). Agenda 21eko Forora igogailuaren gaia eraman zuten eta bertan igogailua Apatxotik egiteko aukera mahai gainean jarri zuten. Horrenbestez, beste foro bat deituko dute gaia legazpiarrekin lantzeko.
Aurrekontuei dagozkien beste xehetasun batzuk aipatu dituzte. Hiritartasun arloan, kultura sailari dagokion diru saila 438.670 eurokoa da –aurrekontu osoak 11 milioi euro ingurukoak dira–. Udan Uztakale jaialdia egingo dutela aurreikusi dute eta orain bi urte berreskuratu zituzten aldian behineko antzerki emanaldiekin jarraituko dutela erabaki dute, legazpiarren artean euskarazko antzerkiak duen harrera ona ikusita.
Junetorri zerbitzua eta lorezaintza
Kirol esparruaren saila milioi bat eurotik gorakoa da eta atal honetan igerilekuetako sorosleen soldatak ordaintzeko diru sailak gora egin du, hain zuzen, igerileku txikia urte osoz martxan jartzekoak direlako.
Hiritartasun arloan beste diru sail esanguratsuetako bat da nerabeei zuzendutako zerbitzuarena, 110.000 eurokoa.
Lurralde arloan diru gehien bide publikoetan egindako lanetan inbertitzen da. Aurtengo berritasuna da Legazpiko hirigintza datozen urteetan arautuko eta ordenatuko duen Planean lanean hasiko direla, eta hura garatzeko diru sail batzuk gorde dituztela datozen hiru urteetan plana landu dadin.
Arlo honetan daude ingurumena, turismoa eta merkataritza. Ingurumen sailaren aurrekontua 93.180 eurokoa da Agenda 21eko Foroa barne hartzen duelako; turismo sailarena 59.947 eurokoa da bertatik Lenbur fundazioari ordaintzen zaiolako; merkataritzarena 39.800 eurokoa da eta Ilintiri ematen zaizkion laguntzak eta Perco plana hartzen ditu. Aurrekontu txikiak dira, izan ere arlo hauek Urola Garaia Mankomunitateak kudeatzen ditu.
Junetorri, auzoak eta erdigunea lotzen dituen autobusa, urte osoan ibili dadin 98.560 euroko aurrekontua ezarri diote. Lorezaintza zerbitzurako ezgaitasun psikikoak dituzten langileen kontratazioa aipatu dute.