Erleak dantzan hasi dira, eguraldi onak lagunduta
Azken egunetako giro eguzkitsu eta beroak eta bezperako ilargiaren edertasuna izan dira hizpide azokan. Baratze lanetarako eta arbolen mugimenduaren akuilu ere bada eguraldia.

Eguraldi on hauekin, erleak dantzan hasi dira». Halaxe adierazi digu Jon Etxeberria erlezain ataundarrak. Aukeran, beranduxeago etorri izan balitz onaldi hau, ziurtasun handiagoa emango luke; izan ere, «ume sarea handitzen hasten dira eta zenbat eta handiago orduan eta kontsumo handiagoa» izaten dute. «Eta arriskua du honek, gero eguraldi txarra sartuko balitz dagoenetik hartu beharko lukete eta nahikoa ezti izan ez eta galtzeko arriskuan litzateke». Momentuan «sahatsa eta txikori belarra loretan» daudela eta handik «polen eta nektar asko» biltzen dutela esan du.
Erleekin lan denboraldi bete-betean izan arte, Ordiziara etortzen segituko du Etxeberriak, zer saldua baldin badu behintzat. Oso bilan baikorra egiten du asteroko hitzordu honetaz. Hau da duen eskaintza: bertako erle beltzaren eztia, 450 gramoko potea (6.50 euro), kilokoa (12 euro), polena 220 gramoko potean (10 euro), propoleoa 30 mililotrokoan (10 euro) eta erregina jalea 12 gramoko potetxoan (25 euro).
Baratzerako moduko giroa

Patxi Izagirre, lehen tipula gorri eta orburu landareekin // L.E.
Loalditik lurra ez ezik, gu geu ere aterako bagina bezala, landare eskaera handitu egiten da, eguraldi ona lagun. Bestelako aldagaiekin bat eginez gero, orduan eta baratzean aritzeko arrazoi gehiago: ilbehera izanik, tipulak landatzeko garai aproposa da, esaterako. Dagoeneko urteko tipula gorria salgai da 3,50 euroan ehuneko sorta. Tipulinak ere bai aspalditik, batzuk udazkenean sartu zituzten eta jateko moduan dira jadanik; 3ko sorta euroan eros daiteke. Beste batzuk orain aldatzea nahiago izaten dute eta aukeran da landarea. Orburu landarea ere hasi da, ale bakoitza euro baten truke.
Nartziso lore sortak (3 euroan) eta Japoniar Cydonia (2,50 euro) adarrak begien gozagarri, joan zen astean agertu ziren mimosa eta sahats adarren osagarri zeuden atzo, mahai ezberdinetan.
Arkumeak prezio berean segitzen du 3,50ean kiloa (BEZa barne) bizirik pisatua. Aspaldiko partez mendiko angula ikusi dugu, 20 euroan kiloa, eta boilur edo trufa ere bai, 80 euroan.
Elikagaiak ezagutzen
Barazki eta frutei buruzko informazio fitxak eskuratu ahal izango ditugu ferian, erosketak egiterakoan. Hainbat elkarte eta erakundek bultzatutako sasoiko elikagaien aldeko kanpainaren barnean, D’elikatuz zentrokoek saltzaileen esku jarri dituzte, haiek bezeroei eman diezaizkieten. Atzo banatutakoen artean kuia, porrua, kiwia… Horien propietateak eta ezaugarriak azaltzen dira fitxa horietan, errezeta batekin lagunduta.