Iratzarrikoek ez dute lo hartu nahi
Legazpiko Iratzarri emakume elkartea duela 28 urte sortu zuten. Orain zuzendaritza taldea berritzeko ahalegina egin dute eta hiru kide sartu dira. Bestela «desagertu» egingo zela diote.
Astelehena da eta Iratzarri emakume elkarteko zuzendaritza berria bilduta dago taldeak San Inazio auzoan duen egoitzan. Hiru kide berri hasi dira: Arantxa Sudupe, Txaro Borras eta Isabel Ramos. Gaur-gaurkoz Iratzarrik 260 bat bazkide ditu eta ekintza sorta ugari antolatzen ditu: dantza, yoga, zumba, joste ikastaroak, eskulanak eta abar.
Oraingo zuzendaritza aldaketa garrantzitsua izan da, boluntarioak atera ez balira elkartea desegingo zela uste zutelako. Arantxa Ibarreta Iratzarriko lehendakaria da duela hamalau urte. «Zuzendaritza taldean egotea txandakako kontua izango zela pentsatu genuen hasieran, baina inor ezin duzu behartu eta gutako asko zuzendaritzan betikotu gara».
Arantxa Suduperi nolatan animatu zen galdetuta, honakoa erantzun du: «Jubilatu eta yogan hasi nintzen hemen elkartean, zuzendaritzarako jendea behar zutela entzun nuen, bestela emakumeok espazio hau galduko genuela… Animatu egin nintzen». Txaro Borrasen arrazoiak antzekoak dira. «Pena litzateke egoitza hau galtzea, eta horregatik eman nuen izena. Gu berritzea baino, dagoen zuzendaritza taldearekin elkarlanean aritzeko sartu gara zuzendaritzan». Isabel Ramosek urteak egin ditu Iratzarrin, dantza eta zumba ikastaroetan parte hartzen du. Alarguna da eta «denbora libre asko» duela dio. «Kontuen kudeaketa nire gain hartu dut».
Euskara eskolak
Hirurak pozik daude hartu duten erabakiarekin, eta egun boluntario lana gainbeheran dagoela azpimarratu dute. «Jende gazteak ez du horrelakoetan sartu nahi, ikastaroetara etorri eta etxera joan nahi du jarraian», azaldu dute aho batez.
Bileran Edurne Goikoetxea dago. Urteetan Iratzarrik eskaini duen beste eskola bateko gidaria izan da, euskara eskolena. «Gure helburua ez zen andreek euskara ikas zezaten, ulertu zezaten baizik, eta hori lortu dugun neurri batean».
Iratzarrik Emakumearen gela martxan du non emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunaren gaineko informazioa eta prestakuntza jasotzen duten. Bestelako ikastaro zerrenda luzea eskaintzen dute, hala gizarte eta kultur arloetan nola eskulanetan.
Aurten zuzendaritzan sartu diren hiru bazkideak bi urtez geratuko dira gutxienez. Oraingoz ez dituzte ateak itxiko, izan ere, esna egoteko sortu zuten Iratzarri elkartea.