Ordizia Rugby Elkarteak 1.500 lagun bildu nahi ditu Altamiran
Igandean, hilak 24, Bartzelonaren aurka jokatuko du Ampo Ordiziak Altamiran (12:00). Pasa den asteburuan, El Salvadorren aurka galdu ondoren, indarrak berreskuratzeko eta garaipena eskuratzeko deialdi berezia egin die taldearen jarraitzaileei Ordizia Rugby Elkarteak. Aurkari zuzena da Bartzelona, puntu eskas bateko aldea baitago bien artean. Garaipenak balio handia du.
Altamirako harmaila leporaino bete nahi du Ordiziako taldeak, Gorriak ikusiko dituzte lelopean. Erronka handia dute esku artean: Altamirara 1.500 jarraitzaile gerturatzea. Horregatik, Ordiziako taldearen bazkideei dei berezia egin die zuzendaritzak. Bazkide bakoitzak igandeko partidara lagun bat gonbidatzeko aukera izango du. Sarreran bazkide txartela aurkeztuta sartu ahalko dira bi pertsonak.