Goierri Birzirik plataformak bat egin du GuraSos-ek deitutako manifestazioarekin
Zubietako errauskailuan sortutako zepak Mutiloara etorriko direla eta bertako zabortegia handitzeko aukera zabaldu dela ere ohartarazi dute.
Adostasunari esan baietz lemapean, GuraSos plataformak manifestazioa deitu du biharko Donostian. Erraustegiaren proiektua geldiarazi eta adostasunaren bidetik beste irtenbide bat posible dela aldarrikatuko dute. Arratsaldeko 17:30ean abiatuko da, Antiguako tuneletik. Goierri Birzirik plataformak ere bat egin du deialdiarekin, eta goierritarrei bertara joateko deia egin die.
Goierri Birzirik plataformak gogorarazi du “Zubietako errauskailuaren proiektua eta bertan sortutako zepak isurtzeko osagarri izan daitekeen Mutiloako zabortegiaren handitze posible batek, adostasunetik eta informazio gardentasunetik urrun” kokatzen gaituela; “behin eta berriz, hondakinen gaian zigortuak izaten ari baikara”. Hala, “ingurumena eta osasuna” lehenetsi behar direla uste dute, eta “parte-hartze eta adostasunaren bidetik” beste hondakin kudeaketa bat posible dela.