Maldan Beherakoek bosgarren urtemuga ospatuko dute Hegialden
Gaurtik igandera Garagardo Festa egingo dute Hegialde auzoko oinezkoen eremuan. Janari eta edari aukera txikiagoa izango da beste azok batzuen aldean, baina kontzertu sorta prestatu dute
Goitibeheren munduan denbora gehiago badaramate erem duela bost urte erregistratu zuten Maldan Behera inertzia kirol taldea elkarte bezala. Urteurren hori ospatuko dute gaur hasi eta igandera bitartean. Ospakizunak helburu bat dauka, Julen Agirreburualde Maldan Beherako arimaren hitzetan: «Europako Kopari begira, dena babesleen esku utzi beharrean gure kabuz diru bilketa zati bat egitea» pentsatu dute.
Izan ere, urteurren ospakizunak bigarren txanpa bat izango du. Hain zuzen, Aste Santu bueltan Europako Goitibeheren Kopako jardunaldi bat Legazpira ekarriko dute eta baliabideak beharko dituzte ordurako. Aztiriko aldapan egingo dute eta gaur, Garagardo Festaren irekiarekin batera, zabalduko dute probara horretarako izen-ematea.
Asteburukoa Garagardo Festa bezala antolatu dute; ez da, hala ere, ohiko Garagardo Festa izango. «Alemaniako eredua hartu beharrean Belgikakoa ekarriko dugu. Jateko gutxiago egoten da han eta garagardo kopuru txikiagoa izaten da». Lau garagardo egongo dira Hegialdeko oinezkoen eremuan jarriko duten karpan; jatekoak berriz, honakoak izango dira: patata frijituak, pintxoak, hot dog-ak eta saltxitxak. «Ez dugu eserlekurik ezta mahairik jarriko». Asmoa festa xumea egitea izan dela dio
Agirreburualdek, eta batez ere, karpak hartuko dituen kontzertuei nagusitasuna ematea.
Hegialden sortu ziren
Festarako karpa gaur irekiko dute, 18:00etan eta ordu batean itxi. Kontzertuak berriz, 19:00etan hasiko dira. «Soraluzeko talde akustiko batekin hasiko gara, Añubeko Troba; besteak beste, Silvio Rodrigezen eta Mikel Laboaren bertsioak egiten dituzte». Jarraian Legazpiko Kontu Erromeriya! taldeak joko du, eta hurrenak, Urretxu-Zumarragako Alter Ego eta Nekrobabies legazpiarrak izango dira.
Bihar, eguerdian irekiko dute karpa eta lehenengo kontzertua Tukatukada Gernikako batukada taldeak eskainiko du. Ondoren Urretxu-Zumarragako Hiri galduak taldea eta Segan taldea ariko dira. «Segan Ordiziako taldea da eta bertan Izaro Markotegi legazpiarrak kantatzen du. Haien azken kontzertua izango da, Markotegi Erasmus bekarekin atzerrira joan aurretik. Egan taldearen abestiak kantatzen dituzte».
Ez da kasualitatea karpa Hegialdin jarri izana, Maldan Behera taldea Hegialden sortu baitzen. «Han abiatu ginen zerotik eta bertako tabernariek zein dendariek asko lagundu ziguten. Hala hasi ginen goitibehera lasterketak antolatzen. Gerora, Legazpiko Santikutz jaietan ere aritu gara eta udalak diru laguntzak ematen dizkigu, baina sorrera Hegialden izan zen eta han goran egin nahi dugu gure urteurren festa».
Agirreburualdek esker ona agertu nahi izan die laguntza eskaini dieten guztiei. Garagardo Festak irauten duen egunetan, hotel batean egonaldia zozketatuko dutela iragarri du.