Pilotalekuko katedratikoak
Jose Antonio Aldama, Jesus Mari Biain eta Iñaki Kerejeta astebururo pilotalekuran batera joaten dira, profesional mailako partidak ikustera. Dagoeneko, pilotariak bezain ezagunak dira pilota munduan.
Jose Antonio Aldama, Jesus Mari Biain eta Iñaki Kerejeta zaletuak pilotariak bezain ezagunak dira ia pilota munduan. Izan ere, astebururo profesional mailako partidak ikustera joaten dira. Goierriko Hitza-k hirurak elkartu ditu, eta haien zaletasunari buruz hitz egin dute.
Bizitza osoa daramate frontoitik frontoira, umetatik baitira pilotazaleak. Biainek pilotan jokatu zuen: herriarteko txapelketa irabazi zuen Zumarragarekin. Aldamak eta Kerejetak, berriz, lagunartean bakarrik jokatu zuten. Aldamak Zumarragako Beloki pilota eskolaren sorreran parte hartu zuen.
Hogei bat urterekin profesionalen arteko partidetara joaten hasi zen, eta konturatu zenerako, astebururo frontoian zegoen. «30 bat urterekin autoa erosi nuen eta ordutik aurrera astero Bergarara joan nintzen». Zale amorratua da eta askotan lanetik irten eta ia zuzenean pilotalekura joaten zen.
Kerejeta beranduago hasi zen pilotalekura joaten. «Lantegian korreturnosen nengoen eta astelehenetan, jai nuenean, Tolosara joaten nintzen trenean. Aldamarekin elkartzen nintzen eta berarekin joatea eskaini zidan. Hala hasi ginen elkarrekin joaten». Biain, berriz, duela hamabi bat urte hasi zen pilotalekura maiztasunez joaten. Beti Aldamarekin eta Kerejetarekin joaten da.
Ez dira frontoietako beterano bakarrak. «Batzuk duela 40 urtetik ezagutzen ditut. Beti txapelarekin ibiltzen den Patxi Apezetxeak, adibidez. 90 urte ditu», nabarmendu du Aldamak.
Egun osoko plana
Pilotaleku ia guztiak ezagutzen dituzte. Sanjoanetan Urrestillan antolatzen duten jaialdia gustatzen zaie bereziki, baina frontoi guztiak dituzte gustuko. «Labriten oso giro ona egoten da, Eibarko pilotalekua oso ondo dago, Donostiara eta Gasteizera ere gustura joaten gara… Ez gara etxetik pilotalekura eta pilotalekutik etxera joaten. Bertan poteatzea eta bazkaltzea gustatzen zaigu. Gasteizen partidak antolatzeari utzi zioten eta itzultzeko gogoa dugu», dio Kerejetak.
«30 bat urterekin autoa erosi nuen
eta astero Bergarara joaten hasi nintzen»Jose Antonio Aldama (Pilotazalea)
«Ni Olaizolaren jarraitzailea naiz
eta beste biak Altunarenak»Jesus Mari Biain (Pilotazalea)
«Gure tokitik pilotan jokatzea erraza
dirudi, baina kantxan egon egin behar da…»Iñaki Kerejeta (Pilotazalea)
Pilotari esker, lagun asko egin dituzte. «Joseanek mundu guztia ezagutzen du. Pilotarien guraso guztiekin hitz egiten du», dio Kerejetak. Pilotarien artean ere ezagunak dira, noski. Aldamak azken 45 urteetako pilotari guztiak ezagutzen ditu.
Haien pilotari kuttunak herrikoak dira. «Ni beti Urretxukoen jarraitzailea izan naiz. Aritz Lasaren jarraitzailea nintzen eta egun Erostarberena. Asko hobetu du. Herri batentzat oso garrantzitsua da goi mailako pilotari bat edukitzea. Hala, haurrak zaletu egiten dira», esan du Kerejetak.
Gustuko pilotariak
Punta puntakoei dagokionez, Biain Olaizolaren jarraitzailea da. «Aldama eta Kerejeta Altuna zaleak dira», dio. «Pilota gustatzen bazaizu, pilotari gehienak dituzu gustuko», argitu du Kerejetak. «Beti herrikoaren alde egiten dut, Erostarberen alde alegia, baina Altunak eta Irribarriak irabaztea ere gustatzen zait. Dena den, beste edozeinek sekulako partida egiten badu, nola ez naiz ba poztuko?».
Makina bat anekdota dituzte. «Behin, Iruñean, Aritz Lasak sekulako partida egin zuen Bengoetxearen aurka. Ni Irujoren ondoan nengoen. Sekula berarekin hitz egin gabea nintzen, baina urduri zegoela esan nion eta berak ea zergatik nion hori erantzun zidan. ‘Aritz sekulako partida egiten ari da eta partida hau irabazten duenaren aurka jokatu beharra duzu’, erantzun nion. Barre egin zuen. Oso jatorra iruditu zitzaidan», dio Kerejetak. «Nik Juan Angeli, Irujoren aitari, Zumarragako parrokoa bere semearen jarraitzaile sutsua zela esan nion. Hurrengo aldian Juan Angelek bere semeak Zumarragako parrokoak pilotaz asko dakiela erantzun zuela esan zidan», kontatu du Aldamak.
Pilotari guztiak gustuko dituzte eta ez dute inor binakakoa irabazteko faboritotzat hartzen. «Gure tokitik guztiak oso erraza dirudi, baina kantxan egon egin behar da… Gainera, sekulako abiadan jokatzen dute. Telebistan abiada ez da behar bezala apreziatzen», amaitu du Kerejeta katedratikoak.