Sahararen alde korrika
Sahara Krosa egingo dute igandean Ormaiztegin. Bi luzeratako lasterketak daude aukeran. Iaz 5.500 euro bildu zituzten errefuxiatu kanpalekuetarako
Igandean Mohamed Salem Hach Embareken omenezko Sahara Krosa egingo dute Ormaiztegin, 11:00etan hasita. Aurtengoa 13. ekitaldia da. Krosak bi luzerako lasterketak hartuko ditu eta baita kilometro bateko testigantza proba ere, korrika egiten ohituta ez daudenentzat.
Aukeran emango dituzten lasterketen bi luzeerak honakoak dira: 10 kilometrokoa eta 5,4 kilometrokoa. Izena aurrez emateko aukera dago kirolprobak.com webgunean; egunean bertan ere eman ahalko da irteera inguruan jarriko dituzten mahaietan, lasterketak hasi aurretik, 09:30etik 10:20era.
Lasterketa orokorrak eta kilometro bakarrekoa egin ondoren, salda eta pintxoak banatuko dituzte antolatzaileek. Korrika egiten duten guztiek elastiko bana jasoko dute, baita opariak ere. Ekitaldi guztiaren amaieran afariak ere zozkatuko dira.
Ormaiztegin urtero egiten duten krosa Mendebaldeko Saharar herriari laguntzeko izaten da. Iaz Aljeriako desertuko kanpalekuetan ura erosteko erabili zuten jasotako dirua. Iazko krosean 5.500 euro jaso dituzte: aurreko ekitaldi batean edo bestean, 7.000 eurotik gora ere jaso izan dituzte.
Saharako egoera gogoan
Krosa sahararren egoera gogora ekartzeko aitzakia ere bada. 1975etik konpondu gabeko egoera da non milaka lagun Aljeriako desertuko kanpalekuetan bizi diren, euren herrialdetik erbesteratuak izan eta gero. Ordutik 40 urte baino gehiago pasa dira eta egoerak ez du hobera egin. Nazio Batuen Erakundeak ez du agindutako erreferenduma egiteko ebazpena gauzatu. Litekeena da Mendebaldeko Sahararen itsasoa horren oparoa ez balitz, gasa eta bestelako baliabideetan txiroa balitz, sahararrek halako arazorik ez izatea. Aitzitik, aberatsak dira eta haien egoera endekatu egin da.
Igandeko krosak diruz laguntzeko balio du, baina batez ere, gogoratzeko balio du.