«Taldean bizitakoei garrantzi gehiago ematen diet 300 partidei baino»
Legorretan jaioa bada ere, Ordizian bizi da aspalditik Iñaki Puyadena. Umetan hasi zuen errugbiaren munduan ibilbidea. Ohorezko mailan 300 partida baino gehiago jokatu ditu.
Bizitza osoa errugbiari lotuta pasa du Iñaki Puyadenak (Legorreta, 1985) . Txiki-txikitan hasi zuen kirol ibilbidea, Ordizia Rugby Elkartean. Ohorezko Mailan dagoen Ampo Ordiziako jokalaria da aspaldindanik. Iaz, urte amaieran, 300. partida jokatu zuen lehenengo taldearekin, Urte horietan guztietan bizitakoaren inguruan aritu da berriketan, luze eta zabal.
Ampo Ordiziarekin 300 partida pasa jokatuak dituzu. Modu berezian bizi duzun zerbait da?
Zenbaki borobila da eta garrantzitsua bada ere, zenbakiari baino gehiago Amporekin bizitako guztiari ematen diot garrantzia, zenbakia baino, bizipenak baitira bereziak niretzat. Bizitza osoa daramat errugbian jokatzen Ordiziako taldean, eta bai, polita izan da 300 partidak gainditu izana, jendea ere gerturatu baita zoriontzera. Baina ez naiz horrekin bakarrik gelditzen.
Hasi zinenean, hona iritsiko zinenik espero al zenuen?
Inola ere ez! Kategoriaz kategoria igotzen joan naiz urte hauetan guztietan, baina nora iritsiko nintzen gehiegi pentsatu gabe. Aitortzen dut, gazteagoa nintzenean ez nuela horrelako gauzetan pentsatzen, nahiz eta errugbian jokatzen jarraitzea izan den beti nire asmoa.
Zenbat urterekin hasi zinen Ampo Ordizian?
Legorretatik 6 urte nituenean etorri ginen Ordiziara bizitzera eta handik gutxira izan zen. 7 urte nituenean-edo hasiko nintzen errugbian jokatzen.
Hasieran ni baino zaharragoekin jokatzen nuen. Nire adinekorik ez baitzegoen. Entrenatu baino ez nuen egiten. Partidak jokatzen beranduxeago hasi nintzen. Bederatzi urterekin-edo.
Adin horrekin, nola ikusten zenituen goiko kategorietan jokatzen zuten taldekideak?
Garai hartan, ohorezko mailan ez genuen talderik. Baina ondo gogoratzen dut nola joaten ginen kuadrillan Trevijanoko zelai zaharrera, meriendarekin. Partidari ez genion kaso gehiegirik egiten baina hantxe izaten ginen ahal genuen guztietan.
Haien tokia beteko zenuela inoiz pentsatu al zenuen?
Bai eta ez! Ez dakit nola esan. Adinean aurrera egin ahala, talde batetik bestera egin dut salto. Zerbait naturala izan da. Ez da kontzientea izan.
Orain beste aldean zaude. Gazteagoentzat erreferente zara.
Gehiegi pentsatzen ez dudan zerbait bada ere, seguraski hala izango da, eta erantzukizun handia da.
Egin zure ibilbidearen balorazioa.
Ohorezko B mailako taldearekin hasi nintzenean, hasiera-hasieran erritmoa hartzea pixka bat kostatu zitzaidan. Denboraldi erdian deitu zidaten. Jokalari batek taldea utzi behar zuela eta haren postua betetzea izango zen nire zeregina. Saltoa, nabarmena izan zen. Konfidantza falta ere banuen. Egokitzapen kontua zen. Denboraldi eta erdi igaro nituen kategoria horretan eta ondoren Ohorezko Mailara igotzea lortu eta hantxe jarraitu nuen. Esan beharra daukat taldekideek asko lagundu zidatela. Norberak egin beharreko lanaz gain, horrek ere lagundu du. Harrezkero, 15 bat urte igaro dira, erraz esaten da!
ESALDIAK:
«Polita da 300 partidak
gainditu izana, zoriontzera
ere gerturatu da jendea»
«Mailaz igo ginenekoa eta
kopa irabazi genuenekoa
bereziki gogoratzen ditut»
Zer da zuretzako Ampo Ordizia eta errugbia?
Dena da! Nire etxea da, nire bizimodua. Urte hauetan guztietan, ezin dut kontatu zenbat lagun egiteko aukera eman didan. Behean egotetik, pixkanaka, eta esfortzuari esker, handi egiten joan den herriko taldea da, klub bezala ikaragarri hazi dena, ilusioa mantentzen jakin duena, eta oraindik ere gauza handiak egin ditzakeena. Kontutan izan behar da herri txiki batentzat zer suposatzen duen horrelako taldea izatea. Eta niretzako pertsonalki, proiektu horren parte izatea da. Orain arte jokalari bezala, baina etorkizunean taldeari lotuta egoten jarraitzea espero dut, modu batean edo bestean. Baina hori denborak esango du.
Urte hauetan guztietan jokalari pila bat pasatu dira taldetik. Nolakoa da zuen artean aldagelan sortzen den harremana?
Oso ona! Askotan galdetu izan didaten zerbait da. Konplizitate handia dugu. Kontutan izan talde bat garela eta elkarren beharra dugula, zelaira salto egiten dugunean dena ondo atera dadin. Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin. Entrenamenduak, partidak, bidaiak. Taldekideak izateaz gain, lagunak ere badira. Errugbiaz gain, beste gauza batzuk ere konpartitzen ditugu. Kirolaz harago, gauza pertsonalak ere konpartitzen ditugu.
Kirolari baten bizitzan, denetariko uneak izan ohi dira. Aipatu al zenituzke inoiz ahaztuko ez dituzunak?
Gazi-gozoenak, partidak galtzen ditugunean edo jokalariren batek taldea uzten duenean, horiek aipatuko nituzke. Baina ikasteko ere balio du horrek guztiak.
Momentu onak, berriz, asko izan dira, baina momentu klabe pare bat aipatzearren, mailaz igo ginen urtea eta lehenengo kopa irabazi genuenekoa esango ditut. Niretzat bakarrik ez, klubarentzat garai oso polita izan zen. Palentzian jokatu genuen eta handik Ordiziara bueltatu ginenean, jarraitzailez eta herritarrez gainezka zeuden kaleak. Pasabide bat egin ziguten plazara iritsi ahal izateko. Bertan harrera egin ziguten. Gogoratzen dut taldekideei denbora guztian galdetzen niela: ‘Zer da hau?’.
Jarraitzaile sutsu bat ere ba omen duzu.
Bai, hala da! Nire ama. Beti sentitu dut bere babesa. Nire jarraitzailea bakarrik ez, taldearena da orokorrean. Baina, asko sufritzen gu ikusten eta batzutan kosta egiten zaio zelaira joatea, edo bestela amaiera aldera joaten da.