Otsailak ez ohiko giroarekin agurtu du feria
Arriskua badela jakin arren, udaberri garaiko eguraldi hauek lagun, patata ereiten hasi da jendea; Javier Lacallek Arabatik ekarri du hazia. Oiloak arrautza jartzen ere hasi dira.
Tipulinen, ilarren eta baben ondoren, patata erein ohi da. Oraindik goiz dela ahaztu gabe eta arriskua hartuz, gutxi batzurekin hasi ohi da jendea. Ateratzen bada ondo, eta bestela zer egingo zaio ba! Arriskua hartu eta galdu edo irabazi eguraldiak du azken hitza, batez ere aire librean. Jabier Lacalleren postura jo ohi du erosleak hazitarako patata erostera. Izan ere, 64 urte baitaramatza aguraindarrak feriaz feria. Bernedotik ekarritako patata da, «haiek Holandatik ekartzen dute eta Bernedon erein eta hori da salgai duguna». Alturan erein eta jasotako patata da, 700 metrotan, ondoren beherago eta beroxeago ereiten bada, produkzio onekoa gertatzen dela zioen Lacallek. Jaerla da –goizeko patata– eskatuena, laster ateratzen zaizkio erne-muinak honi eta segidan jateko adina kantitate ereiten da. Gehien saltzen dena, Agria –urtekoa– . Bitartekoa da Spunta, baina gutxiago saltzen omen da, egosteko oso ona den arren hezetasuna ez baitu ondo jasaten.
Bestalde, asteazkenetan askorentzako erreferentziazko tokia izaten den Nekazal Kooperatiban edo Sindikaton ere bada ereiteko patata ekologikoa, Miren izenekoa. Neiker Nekazal Ikerketa eta garapenerako zentroak lortutako hazia da, goiztiarra, hemen oso ondo egokitzen dena modu ekologikoan ere. Herediatik ekarritako hazia da hau. Denak ere, kiloa euroan salgai.
Arrautzak ugaritzen
Aire librean bizi diren oiloek laster sentitzen dute argi orduak luzatzen ari direla, eta eguraldi epela lagun, emankortasuna nabarmen handitzen zaie denbora laburrean. Nabarmen da mahaiz mahai begiratuta azken 15 egun hauetan ederki erruten hasi direla; 3,5 eta 4 euro artean da dozena. Baliarraingo Edurnek, oiloenak ez ezik, antzara (0,60 euroan bakoitza) eta ahate (4 euroandozena) arrautzak ere bazituen.
Bestetik, lehen geranioak ekarri ditu Maria Dolores Mendizabalek, baina garbi adieraziz «goiz ez da ba izango? Horixe baietz. Baina negukoetan ia aukera handirik ez eta mahaiak zerbaitekin bete behar». Hala ere, gutxi batzuk saldu zituen.
Kontra neguan oraindik
Iaz otsaileko azken ferian (28an) elurra zen Ordizian eta -2 eta 0 gradu artean goizean. Nahikoa lan izan zuten iristeko etorri ziren saltzaile bakanak. Elur kontuak aipatu genituen duela 6 urte ere, justu otsailaren 27an. Alde ederreko giroa zen atzo ferian bertan. Momentuko onaldiaz hala ere, urteetako eskarmentua lagun honek izan ditzakeen ondorioak eta zuhur jokatzeko eta neguan gaudela oraindik ez ahazteko hitzetik hortzera entzuten zen.