Pisten aurkako mezua, auzitegiraino
Aralarko pisten auzian, Jose Miguel Santamaria Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakariak Tolosako auzitegian izan da, ikertu gisa deklaratzen. Landarlan eta Eguzki atarian bildu dira, protestan.
Landarlan eta Eguzki talde ekologistek Aralarko pisten arduradunen aurka hasitako epaiketan, Jose Miguel Santamaria, Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakaria Tolosako epaitegian deklaratu zuen atzo, ikertu gisa. Saio berean, Beatriz Martikorena eta Iñaki Aizpuru, aldundiko langile eta langile ohiak ere deklaratu zuten, lekuko moduan. Epaitegiaren atarian, Eguzki eta Landarlan taldeetako kideak bildu ziren, Aralarren pista ilegalik ez lema zeraman pankartaren atzean.
Goierriko Hitza Jose Miguel Santamariarekin harremanetan jartzen saiatu zen atzo arratsaldean, deklarazioaren inguruan informazioa jasotzeko asmoarekin, baina, saiakerak saiakera, ez zuen lortu mankomunitateko lehendakariaren bertsioa jasotzerik.
Lekuko gisa deklaratu zuen Iñaki Aizpuru Foru Aldundiko langile ohiak, berriz, epaileak eta abokatuek “galdetutako guztiari erantzun” ziola azaldu dio egunkari honi, “ezkutatzeko ezer ez” duelako. Hamaiketan sartu zen deklaratzera eta 20 minutuz aritu zen. “Mankomunitateko erabakiak ondo ala gaizki hartu ziren, eta erabakiak nork hartu zituen galdetu zuten, besteak beste”. Aralarko Ordenazio Planaren inguruan galdetuta, “pistak egitea, ordenazio planaren kontra doan erabakia” dela azaldu du Aizpuruk, eta hala deklaratu zuela epailearen aurrean.
Intzentsao eta Goroskintxu arteko pista egiteko erabakia hartu zutenen aurka epaibidea hasi zuten natur taldeek. Aurretik, Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natur Inguruneko Zuzendari Nagusiak, eta Felix Asensio Ingurumeneko Zuzendari Nagusi ohiak ere deklaratu zuten epailearen aurrean. Talde ekologisten arabera, “Gipuzkoako ingurumena babestearen arduradun gorenak” dira biak, eta gaur egun, “lurralde antolamenduaren aurkako delituengatik inputatuta” daudela gogorarazi dute.