Mozorroen festarako prest
Ikastetxe gehienek gaur ospatuko dute inauteria . Gaur Hartza etorriko da Segurara . Bihar festa izango dute Urretxun eta Beasainen, eta igandean Legazpin.
Nahiz eta azkeneko asteetan udaberriko giroa nagusitu den, neguko festarik garrantzitsuenak iritsi dira: inauteriak. Irudimena lagun, mozorroak prest dituzte goierritarrek festa giroan murgiltzeko. Herrietan ekitaldi ugari antolatu dituzte, haurren eta helduen gozamenerako.
Ordiziako Urdaneta ikastetxekoak eta Urretxuko Gainzuriko haurrak izan dira inauteriak ospatzen lehenak. Atzo egin zuten desfilea Urdanetakoek eta Gainzurikoek txorizo eta laranja jana. Dena den, eskola gehienek, gaur arratsaldean egingo dituzte mozorro festak.
Hala ere, inauteria ez da haurren kontua bakarrik. Gaur Seguran, 18:30etik aurrera, inauterien sinboloetako bat den Hartzari ongi etorria egingo diote Errementarin, Hartzaren Esnaera ekitaldiarekin. Hartzarekin kalejiran joango dira plazaraino, trikitilariek, txistulariek, jorrai dantzariek eta herritar mozorrotuek lagunduta. Plazako dantzarien emanaldiaren ondoren, mozorroen poteoa eta mozorro afariak egingo dituzte. 20:00etatik 22:00etara, Ki-Fest disko jartzailea izango da.
Biharko eguna ere bete-betea izango da. Urretxun, 09:00etatik aurrera, Lurra dantza taldeko dantzariak baserriz baserri ibiliko dira XXX. Herri Inauteriarekin; Mundakako aratusteak izango da aurtengo gaia. Iluntzean, 18:00etan, disko festa egingo dute Gernikako Arbola plazan.
Beasainen ere euskal inauteriak izango dira bihar goizean protagonista. Ostadar dantza taldeak euskal inauterien desfile herrikoia egingo dute eta Euskal Herriko hainbat lekutan egunotan ikus daitezkeen inauterietako dantzak eskainiko dituzte. Arratsaldean, 17:00etatik 20:00- etara bitartean, berriz, La Salle ikastetxeko Izartxo taldekoek ere desfilea egingo dute.
Legazpin ere asteburu betea izango dute gaur arratsaldetik, Lintx lagun dutela. Bihar gazte asanbladakoen Zapatuko iñauteria izango dute eta igandean Sustraiak dantza taldekoak ibiliko dira kalez kale Zuberoako Maskarada konpartsarekin. 12:00etan Laubidetik, eta 17:30ean Gizarte Zentrotik irtengo dira. 19:00etan, Euskal Herria plazan, Lintxen agurra eta panpina erretzea izango dituzte, inauteriei amaiera emateko.
Egitarauak herriz herri